Itxi

Futbola

Alemania-Grezia (4-2)

Alemaniak Grezia jipoitu du eta finalerdietarako sailkatu da

Erredakzioa

Alemania nagusi izan da lehen zatian, baina Lawren mutilek gol bakarra sartu dute. Greziak berdinketa lortu du atsedenaldiaren ostean, baina Alemaniak jarraian hiru gol sartu ditu.

  • Lahm Greziari sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Lahm Greziari sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Alemania: Neuer; Boateng, Hummels, Badstuber, Lahm; Khedira, Schweinsteiger; Reus (Gotze, 80. minutua), zil, Schurrle (Muller, 67. minutua); Klose (Mario Gomez, 79. minutua).

Grezia: Sifakis; Torossidis, Papastathopoulos, K.Papadopoulos, Tzavellas (Fotakis, 46. minutua); Maniatis, Makos (Liberopoulos, 71. minutua), Katsouranis; Ninis (Geaks, 46. minutua), Salpingidis, Samaras.

Golak: 1-0, 39. minutua, Lahm. 1-1, 55. minutua, Samaras. 2-1, 60. minutua, Khedira. 3-1, 68. minutua, Klose. 4-1, 74. minutua, Reus. 4-2, 89. minutua, Salpingidis.

Alemaniak Grezia (4-2) jipoitu du Polonia eta Ukrainako Eurokoparen final-laurdenetan, eta finalerdietarako sailkapena arazorik gabe lortu du. Atsedenaldiaren ostean berdinketa lortu dute greziarrek, baina ameskeria bat baino ez da izan. Ozilek erakustaldia eman du zelai erdian.

Lehen zatian Alemania nagusi izan da, eta Lawren mutilek eraso egin dute gola lortu arte. Grezia ia ez da bere areatik atera eta kontraerasoren bat bideratu duenean ez du arrisku handirik sortu. Ozilek eta Khedirak Alemaniaren jokoa zuzendu dute.

Sifakis Greziako atezainak lan asko egin behar izan du; izan ere, greziarrek ez dute alemaniarren jokoa indargabetu, nahiz eta oso atzean sartu. Alemaniako entrenatzaileak berritasunak sartu ditu hasierako hamaikakoan. Horrek Greziaren defentsa nahastu du.

Horrela, Mario Gomez aulkian geratu da eta Miroslav Klosek hartu du golaren ardura. Gainera, Muller eta Podolski ez dira hasierako hamaikakoan izan eta Schurlle eta Reus berdeguneratu ditu Lawk. Hala ere, atzelari batek sartu du aurreneko gola. Lahm kapitainak Sifakis gainditu du (39. minutua) areaz kanpo egindako jaurtiketa batekin, eta norgehiagoka bideratu du.

Greziako entrenatzaileak bi aldaketa egin ditu atsedenaldian. Gekasek Ninisen lekua hartu du eta Fotakisek Tzavellas ordezkatu du Neueren atea bilatzeko. Horrela, bigarren zatiko lehen minutuetan Alemania ezustean harrapatu du Greziak. Alemaniarrek zenbait akats egin dituzte atzealdean eta greziarrek, lehen zatian baina ausartago jokatuta, berdinketaren gola sartu dute (Samaras, 55. minutua).

Hala ere, greziarren pozak gutxi iraun du eta Alemaniaren nagusitasuna agerian geratu da berehala. Lawren jokalariek bideratutako eraso berri batean, Khedirak Alemania markagailuan aurretik jarri du berriro (61. minutua). Erdilariak Sifakis gainditu du boleaz.

Zazpi minutu geroago Klosek neurketa erabakita utzi du buruz (68. minutua). Alemaniaren festa ez da amaitu eta Reusek laugarren gola sartu du Ozilek zuzendutako kontraeraso batean. Salpingidisek penaltiz greziarren bigarren gola sartu du azken minutuetan, markagailua apaintzeko.