Itxi

Futbola

Txekiar Errep.-Portugal (0-1)

Portugal finalerdietarako sailkatu du Ronaldok

Erredakzioa

Txekiar Errepublika baino gehiago saiatu dira portugaldarrak neurketa osoan zehar, eta golaren saria lortu dute azken ordu laurdenean. Portugalek joko eskasa azaldu du, baina gogo handia agertu du.

01:31
Cristiano Ronaldoren golak finalerdietan sartu du Portugal

Fitxa teknikoa:

Txekiar Errepublika: Cech; Gebre Selassie, Kadlec, Sivok, Limbersky; Jiracek, Hubschman (Pekhart, 86. minutua), Plasil, Pilar; Darida (Rezek, 65. minutua); eta Baros.

Portugal: Rui Patricio; Joao Pereira, Bruno Alves, Pepe, Coentrao; Raul Meireles, Veloso, Joao Moutinho; Nani (Custodio, 84. minutua), Helder Postiga, eta Cristiano Ronaldo.

Gola: 0 - 1, 80. minutua, Cristiano Ronaldo.

Epailea: Howard Webb (ING). Naniri (26. minutua) eta Velosori (27. minutua) eta Limberskyri (90. minutua) txartel horiak atera dizkio.

Cristiano Ronaldoren Portugalek Eurokopako finalerdietarako txartela lortu du gaur, Txekiar Errepublika final-laurdenetan kanporatuta (0-1). Ronaldo neurketa osoan zehar saiatu da, eta gol erabakigarria berak sartu du, ia amaieran. Frantzia-Espainia partidaren irabazlearen kontra jokatuko dute portugaldarrek finalerdietan.

Txekiar Errepublika Portugal baino hobeto kokatu da zelaian, eta Rui Patricioren areara gerturatu da, baina arrisku handirik sortu gabe. Txekiarrak ondo hasi dira, baina minutuek aurrera egin ahala portugaldarrek hobeto jokatu dute.

Horrela, portugaldarrek norgehiagoka kontrolatu dute, eta txekiarren erasoak saihestu dituzte. Txekiar Errepublikak ez du hasierako joko onari jarraipena ematerik izan. Ondorioz, Portugalek indartsu amaitu du lehen zatia, eta abagune argiena sortu du atsedenaldia baino lehen.

Lehenengo zatiaren luzapenean, baloia zutoinera bidali du Cristiano Ronaldok, Peter Cech atezainaren aurrean. Portugaleko izarrak kontrol paregabea egin du area barruan, eta bere jaurtiketak bete-betean jo du zutoina. Real Madrileko jokalariaren saiakera lehen zatiko aukera argiena izan da.

Ronaldo bigarren zatian ere saiatu da. Hasi eta berehala, falta jaurtiketa bat zutoinera bidali du (50. minutua). Portugalek presioa gorago egin eta arrisku handiagoa sortu du lehen minutuetan. Ronaldok zenbait jaurtiketa egin ditu, eta Naniren beste saiakera bat aldaratu behar izan du Cechek.

Txekiar Errepublikak kontraerasora jokatu du, baina ez du arrisku handirik sortu; Pilarren azkartasuna bilatu dute Txekiarrek. Moutinhok jaurtiketa ona egin du 64.minutuan, area kanpotik, baina Cechek geldiketa bikaina egin du.

Portugalek ez du etsi, sakatzen jarraitu du eta saria lortu du. Cristiano Ronaldok gola sartu du, buruz, 79. minutuan. Portugaleko aurrelariak sareetan kokatu du baloia, hegaletik egindako erdiraketa on bat baliatuta.