Futbola
Euskal derbia
Villalibrek debutatu eta garaipena eman dio Alavesi Eibarren aurka (2-0)
I. G. | EITB MEDIA
Gernikako aurrelariak amestutako debuta izan du, bere taldeari garaipena eman dioten bi gol sartuz, euskal derbi oso paretsuan.
-
Alavesen eta Eibarren arteko derbia. Argazkia: @SDEibar
Alavesek irabazi du Mendizorrotzako euskal derbia Eibar 2-0 mendean hartuta, Asier Villalibre debutariaren bi golei esker. Partida parekatua izan da, baina ez da abagunerik falta izan bi aldeetatik.
Alaves - Eibar partidako laburpena
Bi taldeak egoera onean iritsi dira Mendizorrotzako derbira. Eibarrek, sailkapeneko bigarrenak, etxean porrot bakarra jaso duen Alavesi egin dio bisita, sailkapenean laugarren postuan dagoena.
Partidaren lehen abagunea hasierako txistutik gutxira iritsi da. Eibarren jokaldi on baten ostean, Stoichkovek baloia area barruan jaso du eta buelta erdian errematatu du, baina arabarren defentsa gehiegi zeuden aurrean baloia sarera iristeko.
Jasonek Alavesen lehenengoa izan du 9. minutuan. Guridik pase sakona eman dio atezainaren aurrean bakarrik uzteko, baina kontrola luze joan zaio, partidako lehen aukera argia galduz.
Hurrengo minutuak aukera askorik gabe igaro dira, baloiaren jabetzan oinarritutako jokoarekin. 25. minutuan, Alavesek ateratako falta baten ostean, etxekoek penaltia eskatu dute, erremateak armaginen defentsa baten eskuan eman ostean, baina VARak aurretik jokoz kanpo bat zegoela adierazi du.
Jasonek berriro izan du aukera partida hasi eta ordu erdira. Baloia solte geratu zaio area barruan eta indar guztiz jo du, baina kornerra joan da. Guridik lehen zatiko azken aukera argia izan du markagailua irekitzeko, Luis Riojaren erdiraketa lehen zutoinera errematatuta, baina Luca Zidanek aurpegiarekin urrundu du.
Taldeak oso indartsu irten dira aldageletatik bueltan. Alaves baloi luzeekin saiatu da, eta Eibar, berriz, kontrakoez baliatu da aukerak sortzeko.
Sedlarrek ondo errematatu du erdiraketa area barruan, baina serbiarraren burukada langara joan da zuzenean. Baina gauzak ondo jarri zaizkio Alavesi Sergio Alvarezen kanporaketaren ostean. Eibarreko atzelariari kontrola joan zaio eta Syllak presioa egiteko aprobetxatu du. Azken defendatzailea zenez, epaileak txartel gorria atera dio armaginari.
Eta 62. minutuan partidako lehen gola sartu duen jokalaria sartu da zelaira. Asier Villalibre, Athleticek utzitako jokalaria, Guridiren ordez sartu da Alavesekin debuta egiteko. Zazpi minutu behar izan ditu Gernikakoak bere talde berriarekin golegile bezala estreinatzeko. Luis Riojaren erdiraketa zoragarria jaso du ezker hegaletik eta 'bufaloa' dena emanda sartu da bere burukada sarera bidaltzeko (1-0).
Baina Villalibrek ez du nahikoa izan lehenengoarekin, eta luzapenean beste gol bat sartu du Alavesen garaipena lortzeko. Etxekoen kontraeraso on bat gernikarrak bukatu du baloia barrura jaurtitzeko (2-0).
Emaitza honekin, Alavesek derbia irabazi du eta hirugarren jarri da sailkapenean, Eibarrengandik puntu bakarrera.