Futbola
SmartBank Liga
Alavesek eta Eibarrek igoera jomugan jokatuko dute larunbatean euskal derbia, Mendizorrotzan
EITB MEDIA
Gasteizko taldea laugarren dago, 43 punturekin; Eibar, berriz, bigarren, 47 puntu dituela, eta SmartBank Ligako lider nahi du jarri. Alavesek, azken lau partidetan hiru irabazi ditu, eta Eibarrek zortzi jardunaldi daramatza galdu gabe.
-
Lehen itzulian, Ipuruan, Eibarrek eta Alavesek 0-0 amaitu zuten derbia. Argazkia: @SDEibar (Twitter)
Alavesek eta Eibarrek SmartBank Ligako euskal derbia jokatuko dute larunbatean, 21:00etan, Mendizorrotzan, eta Santander Ligarako igoera bi taldeen jomugan izango da. Biak ala biak sailkapeneko lehen postuetan daude: Luis Garcia Plazaren gizonak laugarren tokian daude, 43 punturekin; Gaizka Garitanoren taldea, aldiz, 47 puntu dituela, bigarren postuan dabil, hogeita seigarren jardunaldia hasi aurretik. Las Palmas da liderra, eta, kanariarrek astelehenean jokatuko dutenez, talde armaginak sailkapeneko lehen postuan bukatu nahi du eguna.
Bi euskal taldeek bolada oso onak daramatzate azken asteetan. Alavesek bederatzi puntu bereganatu ditu aurreko lau jardunaldietan, lau partidatan hiru garaipen lortuz; azken partidan 1-3 irabazi zuen Anduvan, Mirandesen aurka, eta beste hiru gol sartu zizkion Racing Santanderri (3-0) Gasteizen jokatutako azken neurketan. Eibarrek ez du partidarik galdu azken zortzi jardunaldietan, eta 20 puntu erdietsi ditu erreskadan; ondorioz, oso gora egin du sailkapenean.
Lehen itzulian, Ipuruan, Eibarrek eta Alavesek 0-0 amaitu zuten derbia. Alavesek partida bakarra galdu du Mendizorrotzan, Ligan (Levanteren kontra, 0-2), eta, beraz, oso talde segurua da etxean (gainerako 11 partidetan, zortzi irabazi ditu, eta hiru berdindu). Eibarrek, Ipuruatik kanpo, lau neurketa irabazi eta beste lau berdindu ditu 12 neurketatan; beraz, etxetik kanpoko partidei erreparatuta, talde gutxik lortu dituzte Garitanoren gizonek baino puntu gehiago.
Bestalde, baliteke Alaves taldean aurrelari batek debuta egitea, aste honetan iritsi baita Asier Villalibre gernikarra Gasteizko taldera, Athleticek utzita.
Giro oso ona dago aurreikusita euskal derbirako. Irabazleak, hiru puntuak lortzeaz gain, bultzada handia jasoko du bi taldeek helburu duten igoeraren bila.