Itxi

Futbola

D multzoa

Ingalaterra-Italia eta Espainia-Frantzia, final-laurdenetan

Erredakzioa

Ingelesek 1-0 gainditu dute Ukraina eta D multzoko lider bezala sailkatu dira. Frantziak Suediaren aurka 2-0 galdu du, eta Espainiaren aurka jokatuko ditu final-laurdenak.

01:24
Inglaterra y Francia, rivales de Italia y España en cuartos

Ingalaterrak eta Frantziak final-laurdenak jokatzeko txartelak eskuratu dituzte. Arrosadunek 1-0 gainditu dute Ukraina eta D multzoko lider bezala sailkatu dira. Frantziak 2-0 galdu du Suediaren aurka, baina Laurent Blancen mutilek sailkatzea lortu dute.

Ingalaterra-Ukraina (1-0):

Ukraina Ingalaterra baino gehiago izan da aurreneko zatian, eta gola lortzeko abagune onenak berak izan ditu. Garmashek neurketako aurreneko aukera izan du (6. minutua), baina urruneko jaurtiketa kanpora bidali du zuzenean. Blokhinen mutilek gogor sakatu dute erasoan, eta baloiaren jabetza ondo kontrolatu dute. Gusevek 0-1ekoa lortzeko abagune ederra izan du 21. minutuan, baina ukrainarrak langa gainetik kanpora bidali du baloia. Ingalaterraren abagune onena Rooneyk izan du (27. minutua), baina Manchester Unitedeko aurrelariaren errematea kanpora joan da. Atsedenaldian, 0-0ekoak Eurokopatik at uzten zuen Ukraina.

Bigarren zatiko 2. minutuan, Wayne Rooneyk 1-0ekoa jarri du markagailuan. Ingalaterrako aurrelariak ederki aprobetxatu du Pyatoven hutsegitea, eta Hodgsonen mutilek aurrea hartu dute markagailuan.

Neurketako 61. minutuan, jokaldi polemikoa heldu da. Devicen jaurtiketa langa azpitik atera du John Terryk, baina baloiak guztiz zeharkatu du gol marra. Epaileak gola adierazi behar zuen, baina emaitzak 1-0 izaten jarraitu du. Partidako azkenengo minutuetan, ingelesek abagune onak izan dituzte, eta Pyatov atezaina protagonista nagusia bilakatu da. Hodgsonen mutilek ezin izan dute bigarren gola lortu, baina D multzoko lider bezala sailkatu dira.

-- Fitxa teknikoa:

1 - Ingalaterra: Joe Hart, Glen Johnson, John Terry, Joleon Lescott, Ashley Cole, James Milner (Theo Walcott, 69. minutuan), Steven Gerrard, Scott Parker, Ashley Young, Wayne Rooney (Alex Oxlade-Chamberlain, 87. minutuan) eta Danny Welbeck (Andrew Carroll, 82. minutuan).

0 - Ukraina: Andriy Pyatov, Oleg Gusev, Yaroslav Rakitskiy, Yevhen Khacheridi, Yevhen Selin, Anatoli Tymoschuk, Andriy Yarmolenko, Yevheniy Konoplyanka, Denis Garmash (Sergei Nazarenko, 78. minutuan), Artem Milevsky (Bohdan Butko, 77. minutuan) eta Marko Devic (Andrei Shevchenko, 70. minutuan).

Gola: 1-0, 48. minutuan: Rooney

Suedia-Frantzia (2-0):

Lehenengo zatian, Frantzia jaun eta jabe izan da berdegunean, eta Suediak kontraerasoak bilatu ditu. Riberyk aurreneko gola lortzeko abagune aparta izan du, baina Isaksson atezainak gelditu ikusgarria egin du (8. minutua).

Suediaren erantzuna Toivonenek eman du, 10. minutuan, baina aurrelariaren saiakera zutoinera joan da. Laurent Blancen mutilek partidaren kontrola izan dute, baina ez dute gol aukera argirik sortu. Hori-urdinak sendo egon dira defentsan, baina erasoan ez dute zorterik izan.

Suediak ezustekoa eman du, bigarren zatian markagailuan goitik jarri baitira Hamrenen mutilak. Ibrahimovicek gol ikusgarri eskuratu du (54. minutua), eta Frantzia urduritzen hasi da. Jarraian, suediarrek bigarren gola lortzeko abagune ederrak izan dituzte, baina Lloris atezainak bi gelditu erabakigarri egin ditu. 1-1ekoa lortzeko, erasoan murgildu dira Blancen mutilak, baina ez dute abagune argirik izan. Menezek eta Giroudek gola lortzeko aukerak izan dituzte azkenengo minutuetan. Hala ere, Isaksson atezaina bikain egon da, eta Larssonek azken 2-0ekoa jarri du Suediarentzat markagailuan (90. minutua).

- Fitxa teknikoa:

2 - Suedia: Isaksson; Martin Olsson, Mellberg, Jonas Olsson, Granqvist; Svensson (Holmen, 78. minutuan), Källström; Bajrami (Wilhelmsson, 46. minutuan), Ibrahimovic, Larsson; Toivonen (Wernbloom, 78. minutuan).

0 - Frantzia: Lloris; Debuchy, Rami, Mexes, Clichy; A. Diarra, M'Vila (Giroud, 83. minutuan); Ben Arfa (Malouda, 59. minutuan), Nasri (Menez, 71. minutuan), Ribery; Benzema .

Golak: 1-0, 54. minutuan: Ibrahimovic. 2-0, 90. minutuan, Larsson.