Futbola
2012ko Eurokopa
Espainiak erakustaldia eman du, eta Irlandak agur esan dio Eurokopari
Erredakzioa
Vicente Del Bosqueren mutilek partida borobika jokatu dute Irlandaren aurka. Torresek 1-0ekoa lortu lehen zatiko 4. minutuan, eta beste hiru golak atsedenaldiaren ostean lortu dituzte gorriek.
Espainiako selekzioak garaipen erraza eskuratu du Irlandaren aurka, eta Trapattoniren taldeak Eurokopari agur esan behar izan dio. Del Bosqueren taldeak Kroaziaren aurka borrokatu beharko du final-laurdenetara sailkatzeko.
Espainiak erasoan bikain hasi du norgehiagoka, eta Fernando Torresek 1-0ekoa eskuratu du lehenengo zatiko 4. minutuan. Chelsea taldeko aurrelariak jaurtiketa gogor batez gainditu du Given atezain irlandarra, eta Vicente Del Bosqueren mutilak aise nagusitu dira berdegunean.
Gorriak nagusi izan dira, eta erraz kontrolatu dute baloiaren jabetza, 1-0ekoaren ostean. Torresek eta Iniestak bigarren gola lortzeko abagune argiak izan dituzte, baina espainiarrek ezin izan dute markagailuko aldea handitu. Irlandak ezin izan du arrisku handirik sortu: Trapattoniren mutilek kontraerasoa bilatu dute, baina Del Bosqueren taldea sendo egon da defentsan. Espainiak ezin izan du bigarren gola lortu, eta atsedenaldira 1-0 joan dira gorriak markagailuan goitik.
Bigarren zatiko aurreneko minutuetan gogor sakatu du Espainiako selekzioak, eta David Silvak gorrien bigarren gola lortu du. Manchester City taldeko jokalariak maisutasunez gainditu du Given atezaina, eta Espainia markagailuan 2-0, eroso, jarri da.
Xavik gola lortzeko abagune aparta izan du 55. minutuan, baina Irlandako atezainak baloia kornerrera bidali du, gelditu ikusgarria eginda. Javi Martinezek Xabi Alonsoren tokia hartu du berdegunean, eta Athleticeko jokalariak debuta egin du, horrela, Eurokopan. 70. minutuan, Fernando Torresek 3-0ekoa lortu du Given gaindituta, eta azken 4-0ekoa Cesc Fabregasek egin du 82. minutuan.
- Fitxa teknikoa:
4 - Espainia: Casillas; Arbeloa, Pique, Sergio Ramos, Jordi Alba; Xavi Hernandez, Busquets, Xabi Alonso (Javi Martinez, 65. minutuan); Silva, Torres (Cesc, 75. minutuan) eta Iniesta (Cazorla, 80. minutuan).
0 - Irlanda: Given; O'Shea, St Ledger, Dunne, Ward; Duff (McClean, 76. minutuan), Andrews, Whelan (Green, 84. minutuan), McGeady; Cox (Walters, 46. minutuan) eta Robbie Keane.
Golak: 1-0, 4. minutuan: Fernando Torres. 2-0, 49. minutuan: Silva. 3-0, 70. minutuan: Fernando Torres. 4-0, 82. minutuan: Cesc.