Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

Qatar 2022

Iranek hiru puntuak bereganatu ditu Galesen aurka, luzapenean bi gol sartuta

EITB Media

Irango selekzioak Galeskoa gainditu du 0-2ko emaitzarekin Qatarko Munduko Txapelketako B multzoko bigarren jardunaldiko partidan.

  • Gales - Iran

    Irango jokalariak Galesi sartu dioten lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Iranek irabazi egin dio Galesi 0-2ko emaitzarekin, ostiral honetan (azaroak 25) jokatu den Qatarko Munduko Txapelketako B multzoko bigarren jardunaldiko partida. Garaipen honekin Irango selekzioak ahaztu egin du lehen jardunaldian Ingalaterraren kontra jaso zuen porrot (2-6) mingarria.

Norgehiagoka parekatua izan da, baina Iranek abagune Galesek baino abagune gehiago eta hobeak izan ditu. Epaileak Iranen gola baliogabetu du 16. minutuan, VARa kontsultatu ostean, Gholizadeh golegilea jokoz kanpo egon delako errematea egin duen momentuan. Galesek azkar erantzu du, baina Hosseini atezainak saihestu du gola, Mooreren erremateari erantzun bikaina emanda. Norgehiagokako 23. minutuan Iranek gola sartzeko aukera izan du, baina kanpora joan da Azmounen errematea.

Bigarren zatian ere Iran izan da nagusi. Queirozek zuzentzen duen selekzioak bi abagune argi izan ditu, eta bietan zutoinak eragotzi du baloi ate barruan sartzea: Azmounen eta Gholizadehen erremateak hurrenez hurren zutoinera joan dira.

Galesek sufritu egin du, baina partidako azken txanpan markagailuan aurrea hartzeko aukera izan du; langa gainetik kanpora joan da, ordea, Daviesek area kanpotik egin duen jaurtiketa. Britainia Handiko selekzioari maldan gora jarri zaio neurketa 86. minutuan, epaileak txartel gorria atera baitio Hennessey atezainari, Taremiri area kanpoan egin dion faltarengatik.

Jokalari bat gutxiagorekin geratu ostean, Galesek gola sartzeko abagunea izan du, baina ez du asmatu aurkariaren ate aurrean. Luzapenean, aldiz, Iran izan da gola sartu duena: 98. minutuan, Cheshmik jarri du 0-1ekoa markagailuan.

Gainera, neurketako 101. minutuan, Iranek garaipena biribildu du Rezaeianek sartutako golari esker (0-2). Irango aurrelariak bikain amaitu du kontraeraso azkarra.

Partida hau bukatuta, Iranek 3 puntu ditu B multzoko sailkapena, eta Gales puntu bakarrarekin da bi jardunaldi jokatu ostean.

Fitxa teknikoa:

0; Gales: Hennessey, Mepham, Rodon, Davies; Roberts (Johnson, 57. min), Ampadu (Allen, 77. min), Ramsey (Ward, 87. min), Neco Williams; Bale, Moore eta Wilson (James, 58. min).

2; Iran: H. Hosseini, Rezaeian, Hosseini, Pouraliganji, Mohammadi; Gholizadeh (Jahanbaksh, 77. min), Noorolahii (Cheshmi, 77. min), Ezatolahi (Karimi, 83. min), Hajisafi (Torabi, 77. min); Taremi eta Azmoun (Ansarfard, 68. min).

Golak: 0-1, 98. min: Cheshmi. 0-2, 101. min: Rezaeian.

Epailea: Mario Escobar (Guatemala). Hennessey (86) Galesko atezaina egotzi du, txartel gorria aterata; txartel horiak atera dio Rodon (48. min) Galesko jokalariari, baita Rezaeian (95. min) eta Jahanbaksh (95. min) Irango futbolariei.