Itxi

Futbola

QATAR 2022

Ekuadorrek Qatar garaitu du Munduko Txapelketako estreineko partidan (0-2)

A. B. R. | EITB MEDIA

Selekzio hegoamerikarrak kontrolpean izan du partida uneoro, eta Enner Valenciaren bi golei esker lortu du mundialeko lehenengo garaipena.

  • Enner Valencia

    Enner Valencia gola ospatzen. Argazkia: EFE

Ekuadorrek Qatarri irabazi dio (0-2) Munduko Txapelketa ireki duen partida. Selekzio hegoamerikarra anfitrioia baino gehiago izan da uneoro, eta Enner Valenciak lehen zatian sartutako golei esker lortu du garaipena.

Norgehiagoka hasi bezain laster eman da Mundialeko lehen jokaldi polemikoa: 3. minutuan Enner Valenciak gola sartu du Qatarreko Al Sheeb atezainaren irteera txarra baliatuta, baina VARak gola baliogabetu du jokoz kanpokoa adierazita. Ekuadorko selekzioa nagusi izan da lehen minutuetan, eta etxeko taldea guztiz gaindituta azaldu da.

16. minutuan Enner Valencia bakarrik geratu da Al Sheeben aurrean, aurrelariak atezaina baino azkarragoa izan da eta penaltia jaso du: Valenciak berak egin du lehenengo gola hamaika metroetatik (0-1).

Etxeko taldeak ezin izan dio erantzunik eman jasotako kolpeari, eta Ekuador erosotasun osoz aritu da. Gauzak horrela, 32. minutuan hegoamerikarren bigarrena heldu da. Preciadok erdiraketa bikaina egin du eskuin hegaletik, eta Enner Valenciak bere bigarren gola lortu du burukada apartarekin (2-0).

Lehen zatiko azken jokaldian Ali Moezek izan du etxekoen aukera bakarra: Pedro Miguelek erdiraketa jarri du eskuin hegaletik eta Qatarreko aurrelaria bakarrik geratu da atezainaren aurrean, baina bere burukada kanpora joan da.

Bigarren zatian, Ekuadorrek erritmoa apaldu eta Qatarri eman dio baloiaren jabetza. Hala ere, emirerriko selekzioa indarge agertu da, eta asko kostatu zaio erasoko jokaldiak jostea.

55. minutuan Ibarrak aldea handitzeko aukera izan du. Ezkerretik pasea jaso eta arean sartu da, aurrelariak jaurtiketa bortitza atera du, baina Al Sheeb atezainak geldiketa ona egin du.

86. minutuan iritsi da etxekoen aukera garbiena bigarren zatian. Euren zelaitik egindako pase luze batek ekuadortarren defentsa gainditu eta Muntari aurrelariak boleaz egin du errematea, baina gora joan zaio.

Ekuadorrek lehen hiru puntuak bildu ditu eta hurrengo jardunaldian Herbehereen aurka jokatuko du. Qatarrek, aldiz, Senegali egingo dio aurre A multzoko bigarren jardunaldian.

Fitxa teknikoa:

0 - Qatar: Al Sheeb; Khoukhi, Hatem, Hassan; Pedro Miguel, Hisham, Boudiaf, Ahmed; Alhaydos (Waad, 71.min); Afif, Ali (Mutari, 72.min).

2 - Ekuador: Galindez; Preciado, Torres, Hincapie, Estupiñan; Plata, Mendez, Caicedo (Rodriguez, 91.min), Ibarra (Sarmiento, 68.min); Valencia (Cifuentes, 76.min), Estrada (Franco, 91.min).

Golak: 0-1, 16.min: Valencia (p). 0-2, 31.min: Valencia.

Epailea: Daniele Orsato (ITA). Txartel horiak: Al Sheeb, Ali, Boudiaf, Afif, Caicedo eta Mendez.