Futbola
Baja garrantzitsuak
2012ko Eurokopan izango ez diren jokalariak
Erredakzioa
Selekzioetan oso garrantzitsuak diren jokalari batzuk (Villa, Rossi, Olic edo Lampard) ez dira Poloniako eta Ukrainako Eurokopan izango, lesionatuta baitaude.
-
Olic. Argazkia: EFE
Jokalari garrantzitsu askok ezingo dute Poloniako eta Ukrainako Eurokopa jokatu, lesioak direla eta Selekzioetako entrenatzaileek azken unera arte luzatu dute deialdiak egiteko epea, baina izar batzuk Eurokopatik at gelditu dira.
Vicente Del Bosquek David Villa eta Carles Puyol deialditik at utzi behar izan ditu. Espainiako selekzioan jokalari garrantzitsuak izan dira azken urteetan Bartzelona taldekoak, baina blaugranak ez dira guztiz sendatu.
Ingalaterraren egoera ere arduratzeko modukoa da. Hodgsonek hiru jokalari garrantzitsu galdu ditu, eta hauek ordezkatzeko gazteak deitu behar izan ditu. Izan ere, Chelsea taldeko Frank Lampard eta Cahill zentrala, eta Gareth Barry erdilaria lesionatu egin dira eta ez dira Eurokopan izango. Gainera, Frantziak Bacary Sagna Arsenal taldeko defentsa galdu du, eta Lucasz Fabianski Londreseko taldeko atezaina ez da Poloniako selekzioarekin izango.
Italiak Giuseppe Rossi aurrelariaren baja izango du, eta Thomas Sorensen Danimarkako atezainak ezin izango du bere selekzioaren atea defendatu. Azken orduko baja garrantzitsuena Ivica Olic kroaziarrarena izan da. Bayern Munich taldeko aurrelariak izterreko giharretan haustura du, eta ez da bere selekzioarekin izango.