Futbola
PARIS
Benzemak eta Putellasek irabazi dute Urrezko Baloia
B. L. G. | EITB MEDIA
France Footballek banatutako sari entzutetsuaren galan, Karim Benzema (Real Madril) eta Alexia Putellas (Bartzelona) izan dira irabazle handiak. Yashin saria, berriz, Thibaut Courtois (Real Madril) izan da. Bestalde, 21 urtez azpiko jokalari onenaren saria Gavik (Bartzelona) irabazi du.
-
Karim Benzema 2023ko Urrezko Baloiarekin. Argazkia: EFE
Futbolaren munduko bakarkako sari garrantzitsuena da Urrezko Baloia. Parisen egin den galan, bi izen nagusitu dira mundu mailako gizonezkoen eta emakumezkoen futbol jokalari onenen artean: Karim Benzema eta Alexia Putellas.
Azkenean, pronostikoak bete dira, eta Karim Benzema frantziarra izan da gizonezkoen Urrezko Baloia irabazi duen jokalaria. Real Madrileko jokalariak bere herrialdean jaso du saria. Bere ibilbidean jaso duen lehena da. Hala ere, bakarka makina bat sari jasotakoa da, hala nola, UEFAk emandako Europako Jokalari Onenaren saria (2022), Frantziako (2007-2008) zein Espainiako (2021-2022) ligetako goleatzailerik onenaren sari bana eta Urteko Frantziar Jokalari Onenaren lau golardo (2011, 2012, 2014 eta 2021), besteak beste. Bigarren sailkatua Sadio Mane (iaz Liverpooleko jokalaria, aurten Bayernekoa) izan da. Hirugarrena, berriz, Kevin De Bruyne (Manchester City).
Emakumezkoen Urrezko Baloia, bestalde, Alexia Putellasek jaso du. Bartzelonako jokalariak bigarrenez bereganatu du golardoa. Kataluniarrak ibilbide kolektibo oparoa izan du bere taldearekin, baina bakarkakoa ere ez da makala izan. Mollet del Vallesekoak 2021ean jaso zuen bere ibilbideko sari handiena: Urrezko Baloia. Hala ere, urte berean, UEFAk banatutako Europako jokalari Onenaren (2022an ere jaso du sari hau) zein Erdilari Onenaren sariak ere irabazi zituen. Iazkoa izan zen bakarkako sari gehien jaso zituen urtea, aipatutakoez gain, Globe Soccer Awardsetako Jokalari Onenaren golardoa ere bereganatu baitzuen, baita FIFAk banatutako The Best saria ere. Bigarren Beth Mead (Arsenal) ingelesa izan da. Hirugarren sailkatu da Sam Kerr (Chelsea).
Alexia Putellas, 2023ko Urrezko Baloiaren irabazlea. Argazkia: EFE
Atezain Onenaren Yashin Saria ere banatu da. Irabazlea Thibaut Courtois (Real Madril) izan da, Urrezko Baloia irabazteko top 10ean sartu den atezain bakarra. Hala, 2018an Munduko Txapelketako Urrezko Eskularrua irabazi zuen belgikarrak bereganatu du 2019tik banatzen den golardoa.
Azkenik, 21 urtez azpiko Kopa Sariaren irabazlea ere izendatu dute Frantzian. Sari hau Gavik eraman du. Iaz bere taldekidea den Pedrik irabazi zuen saria. Gavik (Los Palacios y Villafranca, 2004) 2021-2022 denboraldian egin zuen debuta, eta izen handia hartu du.