Futbola
SARIA
Benzema eta Putellas, Urrezko Baloia irabazteko faborito nagusiak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Lehen aldiz, aurreko denboraldian zehar egindako lana hartuko da kontuan aurtengo garaikurrak banatzeko, eta ez urte naturala.
-
Urrezko Baloiaren garaikurra. Argazkia: EFE
Karim Benzema Real Madrileko aurrelaria eta Alexia Putellas FC Bartzelonako erdilaria dira 2022ko Urrezko Baloia bereganatzeko hautagairik aipagarrienak. Aurtengo ekitaldiak badu berritasun bat, izan ere, lehen aldiz, aurreko denboraldian zehar egindako lana hartuko da kontuan, eta ez urte naturala.
Leo Messik (7 golardo) eta Cristiano Ronaldok (5 golardo) azken 14 urteetan izandako nagusitasunaren ondoren, 2018an Luka Modricek soilik eten ahal izan zuena, badirudi 2022ko Urrezko Baloia eskuratzeko faborito bakarra dagoela denen ahotan, 2021-2022 denboraldia ia perfektua osatu ondoren: Benzema.
Aurrelari frantziarrak Real Madrilen elastikoa jantzi zuenetik izan duen denboraldirik onena bete zuen iragan denboraldian. Tituluei dagokienez, Santander Liga, Txapeldunen Liga (hamalaugarrena Madrilgo taldearentzat) eta Espainiako Superkopa altxatu zituen. Gainera, indibidualki lortutako zenbakiak ezin dira inorekin alderatu; erasoko jokalariak 44 gol erdietsi eta 15 goleko pase emanez bukatu zuen aurreko kanpaina 46 partidatan, bere taldearen lorpenetarako giltzarri izanik.
Saria irabazteko aukerak dituzten futbolarien artean frantziarraren bi taldekide daude, Thibaut Courtois atezaina eta Vinicius Junior aurrelaria. Hautagaien artean daude, baita ere, Kevin de Bruyne Manchester Cityko futbolari belgikarra (Premierreko jokalari onena aukeratua); Erling Haaland norvegiarra, edo aurten Bayernen ari den Sadio Mane senegaldarra, aurreko denboraldian Liverpoolen gehien nabarmendu zen erasotzailea. Azken zerrendan, Cristiano Ronaldo (Manchester United) ere badago, baina ez du aukerarik. Leo Messi (PSG), berriz, ez da zortzigarren sarirako hautagai izango.
PUTELLAS, FABORITO NAGUSIA, LESIONATUTA EGON ARREN
Emakumezkoetan, Alexia Putellas, egungo Urrezko Baloia eta 'The Best' saria dituena, joan zen ekitaldian eskuratutako lorpena errepikatzen saiatuko da. Hala, Pernille Harder danimarkarrarekin batera, saria birritan eskuratu duen bakarra izango litzateke. Kataluniarrak ezin izan zuen parte hartu Ingalaterrako Eurokopan, txapelketaren atarian izandako belauneko lesio larriagatik. Hala ere, nahiz eta Txapeldunen Ligan 'arantzatxoa' izan, denboraldi bikaina osatu zuen banakako lanari dagokionez, 40 partidatan 34 gol sartuta.
Honako hauek izango ditu aurkari, besteak beste, saria lortzeko: Arsenal taldeko Beth Mead aurrelari ingelesa, iazko EUROko jokalari onena aukeratua; Lena Oberdorf erdilari alemaniar gaztea (Wolfsburgo) eta Olympique Lyongo Ada Hegerberg, 2019an garaikurra eskuratu zuena.
Gainera, astelehen honetan Yashin Saria ere emango zaio munduko atezain onenari. Courtois, Sevillako Yassine Bono (Sevilla), Alisson Becker (Liverpool), Ederson (City), Mike Maignan (Milan), Edouard Mendy (Chelsea), Manuel Neuer (Bayern), Kevin Trapp (Eintracht), Jan Oblak (Atletico) eta Hugo Lloris (Tottenham) daude hautagaien artean.
Azkenik, munduko 21 urtetik beherako futbolaririk onenaren Kopa Sariaren irabazlea ere ezagutuko dugu. Hamar izendatuen artean Gavi (Bartzelona) espainiarra dago, Eduardo Camavinga (Real Madril) frantziarrarekin, Santander Ligako ordezkaritza osatuz. Faborito nagusien artean Borussia Dortmund taldeko Jude Bellingham eta Bayerneko Ryan Gravenberch eta Jamal Musiala daude.