Futbola
Erabakia
Hamabost jokalarik uko egin diote Espainiako selekzioari Vilda hautatzaileak karguan jarraitzen duelako
EITB Media
Espainiako selekzioari uko egin dioten 15 emakumeen artean daude Nerea Eizagirre, Amaiur Sarriegi, Ainhoa Vicente Moraza eta Lucia Garcia euskal jokalariak. Jorge Vildak hautatzaile karguan jarraitzea da jokalari hauek guztiek uko egitearen arrazoia.
-
Sarriegi, kamisetarekin aurpegia estalita, Espainia Eurokopatik at geratu ostean. Argazkia: EFE
Hamabost jokalarik uko egin diote Espainiako selekzioari Jorge Vilda hautatzaileak karguan jarraitzen duelako. Jokalari hauek guztiek posta elektronikoz jakinarazi zioten Espainiako Futbol Federazioari irailaren 22an, selekzioari uko egin diotela.
Espainiako selekzioari uko egin dioten futbolarien artean daude Nerea Eizagirre (Reala), Amaiur Sarriegi (Reala), Ainhoa Vicente Moraza (Atletico Madril) eta Lucia Garcia (Manchester United) euskal jokalariak, Patri Guijarro, Leila Ouahabi, Mapi Leon, Ona Batlle, Laia Aleixandri, Claudia Pina, Aitana Bonmati, Andrea Pereira, Mariona Caldentey, Sandra Paños eta Lola Gallardo futbolariekin batera.
Espainiako Futbol Federazioak komunikatua atera zuen jokalariek selekzioari uko egin ostean: "Gaurko egunean zehar, 15 jokalariren 15 posta elektroniko jaso ditugu, selekzioari uko egiten diotela esaten zutenak. Posta elektroniko guztiek testu berdina dute. Jokalariek jakinarazten dutena da egungo egoerak eragin zuzena duela euren osasunean, eta aldaketarik ez dagoen artean uko egiten diotela Espainiako selekzioan jokatzeari".
Federazioak argi utzi nahi izan zuen ez duela onartuko jokalarien inongo presiorik, eta futbolariei gogoratu die Espainiako legediaren arabera, Espainiako selekzioaren deialdiari uko egitea arau hauste oso larria dela, eta bi eta bost urtera bitarteko inhabilitazioa ekar lezakeela. Hala ere, Federazioak gaineratu du ez dituela jokalariak presionatuko, ez dela muturreraino joango, eta ez duela deituko Espainiako selekzioaren kamiseta jantzi nahi ez duen futbolaririk.
"Espainiako Futbol Federazioak ez du onartuko jokalariek Espainiako selekzioko hautatzailearen eta haren talde teknikoaren jarraipena zalantzan jartzea, ez baita futbolarien konpetentzia. Selekzioa negoziatzen ez den kontua da. Futbolaren historian inoiz jazo ez den gertakaria da hau. Selekzioari uko egin dioten jokalariak, barkamena eskatzen badute, eta euren akatsa onartzen badute soilik itzuli ahalko dira", azpimarratu du Federazioak.
Rapinoeren babesa
Megan Rapinoe 2019an Urrezko Baloia irabazi zuen eta mundu mailako izar handienetakoa den jokalariak babesa azaldu die Espainiako selekzioari uko egin dioten 15 futbolariei. "Zuekin batera zutik daukazue 16. jokalaria Ameriketako Estatu Batuetan. Hainbeste futbolari bat eginda oso indartsuak dira. Mundu guztiak entzun behar du", publikatu du Rapinoek Instagramen.