Itxi

Futbola

Gatazka

Bertan behera geratu da Liga F txapelketako lehen jardunaldia epaileen grebarengatik

EITB Media

Lan baldintzak hobetzea eskatzen dute epaileek. Emakumezkoen Futbol Liga Profesionalak zelaietara joatera derrigortu ditu taldeak, baina partidak ez dira jokatu.

1:06
Reala eta Atletico Madril

Liga F txapelketa larunbat honetan (irailak 10) hastekoa zen, 12:00etan, Atletico Madril-Reala eta Alhama-Real Madril partidekin, baina jardunaldi osoa bertan behera geratu da epaileen grebarengatik.

Epaileek ostiralean (irailak 9) iragarri zuten mugagabeko greba komunikatu baten bidez. Lan baldintzak hobetzea eskatzen dute.

Grebaren berri izan arren, Emakumezkoen Futbol Liga Profesionalak zelaietara joatera derrigortu ditu taldeak. Hauek esana bete dute, zelaietan agertuta, baina berdegunean 30 minutu itxaron ostean, norgehiagokak bertan behera geratu dira.

Epaileek jakinarazi dutenez, astelehenean (irailak 12) prentsaurrekoa eskainiko dute Espainiako Futbol Federazioaren, Emakumezkoen Futbol Liga Profesionalaren, Kirol Kontseilu Gorenaren eta epaileen eta laguntzaileen arteko negoziazioen berri emateko.