Itxi

Futbola

FINALERDIAK

Alexandra Poppen golek Eurokopako finalean sartu dute Alemania (2-1)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Alemaniarrek Frantzia garaitu zuten finalerdietan, eta, beraz, haiek izango dira Ingalaterraren aurkariak Wembleyn jokatuko de igandeko finalean.

  • Alexandra Popp, Frantziaren aurka sartutako bere bi goletako bat ospatzen.

    Alexandra Popp, Frantziaren aurka sartutako bere bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Alemaniako selekzioak Frantzia menderatu zuen (2-1) asteazken honetan, 2022ko Eurokopako bigarren finalerdian, Alexandra Popp aurrelariak sartutako bi golei esker. Hartara, alemaniarrak izango dira Ingalaterraren aurkariak igandean, Wembleyko zelaian, jokatuko den finalean.

Alemaniako selekzioko kapitainak aurretik jarri zuen bere taldea lehen zatiko azken txanpan. Eskuinetik area barrura heldu zen baloi batean, bere defentsari aurre hartu zion, eta ezerezean utzi zuen Peyraud-Magnin atezainaren ahalegina.

Hala ere, Frantzia 1-1ekoarekin joan zen atsedenaldira, Dianik areaz kanpotik egindako erremate batekin. Hasiera batean baloiak zutoinaren aurka jo bazuen ere, aldaratzea Frohms atezainaren sorbaldan errebotatu eta sare barruan amaitu zuen.

Atsedenaldiaren ostean, partidaren erritmoa zurrundu eta zailago bihurtu zen aurkariaren zelaira iristea. Aitzitik, alemaniarrek beste erdiraketa bat eta Poppen zorroztasuna besterik ez zuten behar izan bigarren gola erdiesteko. Oraingo horretan, buruz.

Horrenbestez, Poppek txapelketako bere seigarren gola lortu eta sailkapena eman zion bere taldeari. Gainera, Mead jokalari ingelesaren markara iritsi, eta, une honetan, biak daude berdinduta Inka Grings alemaniarrak 2009ko edizioan lortutako kopuruarekin, Europako azken fase batean inoiz lortutako kopururik handiena, hain zuzen ere.

Alemaniak, zortzi aldiz txapeldun izandakoak, 2013tik dastatzen ez duen titulu bat bilatuko du Ingalaterraren aurkako finalean. Ingalaterrak, bere aldetik, ez du sekula txapelketa bereganatu, nahiz eta 1984 eta 2009an finalera iritsi zen.

Fitxa teknikoa:

2 - Alemania: Frohms; Rauch, Hegering (Doorsoun-Khajeh, 81. min), Hendrich, Gwinn; Dabritz (Lohmann, 68. min), Oberdorf, Magull (Dallmann, 68. min); Brand, Popp eta Huth (Wassmuth, 90. min).

1 - Frantzia: Peyraud-Magnin; Karchaoul, Renard, Mbock Bathy, Perisset; Toletti (Sarr, 79. min), Bilbault, Geyoro; Cascarino (Mateo, 60. min), Malard (Bacha, 57. min) eta Diani.

Golak: 1-0, 39. min: Popp. 1-1, 44. min: Frohms (bere atean). 2-1, 76. min: Popp.

Epailea: Cheryl Foster (WAL). Txartel horiak: Gwinn eta Oberdorf (Alemania); Toletti eta Bacha (Frantzia).