Itxi

Futbola

1-1 (5-4)

Betis, Kopako txapeldun, penalti jaurtiketetan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Arauzko denbora 1-1eko emaitzarekin amaitu da, eta luzapenean ez denez gol gehiagorik egon, penalti puntutik erabaki da finala, eta andaluziarrek jaurti dituzten bostak asmatu dituzte (5-4).

  • Betiseko jokalariak irabazitako Errege Koparekin.

    Betiseko jokalariak irabazitako Errege Koparekin. Argazkia: EFE

Betisek bereganatu du 2022ko Errege Kopako finala, Valentziari penalti jaurtiketetan 5-4 irabazita, arauzko denbora eta luzapena 1-1ekoarekin amaitu eta gero.

Etxean jokatzen ari ziren andaluziarren (finala Sevillako Cartuja futbol-zelaian jokatu da) oso azkar hartu du aurre markagailuan, lehen zatiko hamaikagarren minutua bete denean, hain justu. Bellerinek erdiraketa ederra jarri du area barruan eskuinaldetik, eta Borja Iglesiasen burukada bikainari ezin izan dio erantzunik eman Mamardashvili atezain georgiarrak.

Andaluziarrak goitik behera ari ziren nagusitzen finalean; alabaina, ordu erdia bete denean, Valentziaren erantzuna iritsi da. Bordalasen taldeak kontraeraso azkarra antolatu du: Iliax Moribak sakonean bidali dio baloia Hugo Durori, eta hark Claudio Bravoren irteera maisutasunez gainditu du, baloia loratuta.

Ordutik aurrera lehia asko parekatu da, eta talde biek pilatu dituzte aukera nahiko bigarren gol bat erdiesteko, baina ez da halakorik gertatu, ez neurketako bigarren zatian, ezta luzapeneko bi zatietan ere.

Hartara, finala penalti jaurtiketetan erabaki da, eta zeregin horretan andaluziarrek ez dute bat bera ere huts egin. Valentziarren aldetik, ordea, Mushak kale egin du berea jaurtitzea egokitu zaionean, eta, ondorioz, Betisek bere historiako hirugarren Errege Kopa eskuratu du.

Fitxa teknikoa:

1 - Betis: Claudio Bravo; Bellerín, Pezzella, Bartra, Álex Moreno (Miranda, 105. min); Guido Rodríguez, William Carvalho (Guardado, 102. min); Canales (Tello, 111. min), Fekir (Aitor Ruibal, 111. min), Juanmi (Joaquín, 86. min); Borja Iglesias (Willian José, 102. min).

1 - Valentzia: Mamardahsvili; Foulquier (Musah, 100. min), Diakhaby, Gabriel Paulista, Alderete, Gayà; Ilaix Moriba (Thierry Correia, 79. min), Hugo Guillamón (Racic, 85. min), Carlos Soler; Guedes, Hugo Duro (Bryan Gil, 85. min).

Golak: 1-0, 11. min: Borja Iglesias. 1-1, 30. min: Hugo Duro.

Penalti jaurtiketak: 1-0, Carlos Soler. 1-1, Willian José. 2-1. Racic. 2-2, Joaquín. 3-2, Guedes. 3-3, Guardado. 3-3, Musah (fuera). 3-4, Tello. 4-4, Gayá. 4-5, Miranda.

Epailea: Alejandro Hernández Hernández. Txartel horiak: William Carvalho, Pezzella, Borja Iglesias eta Tello (Betis); Gabriel Paulista, Guillamón, Alderete, Thierry Correia eta Carlos Soler (Valentzia).