Itxi

Futbola

Gerra Ukrainan

FIFAk eta UEFAk lehiaketa guztietatik kanpo utzi dituzte Errusiako selekzioak eta taldeak

EITB Media

Gauzak horrela, Errusiako selekzioak ez du Qatarko Munduko Futbol Txapelketa jokatuko, eta Moskuko Spartak Europa Ligatik kanpo geratu da.

1:24
Neurri zorrotzak Errusia eta Bielorrusiaren aurka

FIFAk eta UEFAk lehiaketa guztietatik kanpo utzi dituzte Errusiako selekzioak eta klubak, epemugarik zehaztu gabe.

Bi erakundeen zuzendaritza batzordeek bilera egin dute arratsaldean, eta neurri hori hartzea erabaki dute, Errusiak Ukrainaren aurka abiatu duen gerra dela eta.

"Futbola batuta dago, eta Ukrainako herritar guztiei gure erabateko elkartasuna adierazi nahi diegu. Espero dugu Ukrainako egoerak hobera egitea berehala, futbola herrien arteko batasunaren eta bakearen ikur izan dadin berriz ere", adierazi dute bi erakundeek ohar bateratu batean.

FIFAk eta UEFAk beren ebazpena publiko egin aurretik, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak Errusiako eta Bielorrusiako kirolarien parte-hartzea ekiditeko neurriak hartzeko deia egin die munduko federazioei eta lehiaketen antolatzaileei.

Horrela, Errusiako selekzioak ez du Qatarko Munduko Futbol Txapelketa jokatuko, eta Moskuko Spartak taldea Europa Ligatik kanpo geratu da. Hilaren 10ean eta 17an jokatu behar zuen lehiaketako final-zortzirenak Leipzig Alemaniako taldearen aurka.

Egunotan, hainbat federaziok adierazi dute Errusiaren aurka lehiatzeari uko egingo diotela txapelketa eta maila guztietan; besteak beste, Ingalaterra, Albania, Txekia, Danimarka, Irlanda, Polonia, Norvegia, Eskozia, Suitza, Suedia, Frantzia eta Galesko federazioak daude horien artean.