Futbola
LaLiga Santander
Ruiz de Galarretak lesio larria du ezker belaunean eta agur esan dio denboraldiari
EITB Media
Mallorca taldean jokatzen duen euskal futbolariak hautsita du ezker belauneko aurrealdeko lotailu gurutzatua eta ebakuntza-gelatik pasako da datozen egunetan. Otsailaren 20ko Betisen aurkako partidan Victor Ruizek egin zion sarrera gogorrak eragin dio lesioa.
-
Iñigo Ruiz de Galarretak (Mallorca) Benito Villamarinek zelaia uzten duen momentua. Argazkia: EFE
Iñigo Ruiz de Galarreta Mallorca taldeko euskal jokalariak hautsita du ezker belauneko aurrealdeko lotailu gurutzatua eta agur esan dio denboraldiari. Ebakuntza-gelatik pasako da datozen egunetan.
Erdilari eibartarra, Mallorcak Betisen aurka igandean (otsailak 20) jokatu zuen Santander Ligako partidan lesionatu zen. Zelaia esku-ohe baten utzi behar izan zuen, Victor Ruizek atzetik egin zion sarrera gogorrarengatik.
"Gaur egin zaizkion azterketen ostean, jokalariak hautsita du ezker belauneko aurrealdeko lotailu gurutzatuaren plastia. Datozen egunetan zehaztuko dira ebakuntza-gelatik noiz pasako den", jakinarazi du Mallorcak astelehen honetan.
Ruiz de Galarretak 28 urte ditu, eta azken honen aurretik beste bi lesio larri izan ditu bere kirol-ibilbidean. 2012an Bilbao Athleticekin haustura izan zuen eskuin belaunean; 2013an, aldiz, Mirandeseko jokalaria zela ezker belaunean izan zuen haustura.