Futbola
SANTANDER LIGA
Athleticek aise irabazi dio Realari bigarren zati bikaina jokatuta (4-0)
EITB MEDIA
Talde zuri-gorriak merezita lortu du garaipena San Mamesen. Alex Remirok penalti bat gelditu dio Iker Muniaini lehen zatian.
Athleticek 4-0 irabazi dio Realari San Mames futbol-zelaian jokatutako euskal derbian, Santander Ligako 25. jardunaldian. Zuri-gorrien gol guztiak bigarren zatian iritsi dira.
Marcelino Garcia Toral talde zuri-gorriko entrenatzailea Raul Garcia eta Iñaki Williams aurrelariak zelairatu ditu hasieratik; Imanol Alguacilek, bestalde, bost aldaketa egin ditu aurreko ostegunean Leipzigen kontra Europa Ligako hamaikakoarekin alderatuta. Isak azken orduko baja izan da.
Hasierako minutuetan, Athleticek erritmo bizia jarri nahi izan du; Reala, berriz, etxekoen jokoa moteltzen ahalegindu da. Derbiko lehen aukera 11. minutuan heldu da: Mikel Merinok areaz kanpotik jaurti eta baloia langatik gora joan denean.
Lehen ordu erdian, ez da gol abagunerik argirik ikusi, nahiz eta Athleticek aurkariaren zelaian jokatu eta gola gehiago bilatu duen.
Aukerarik onena, ordea, 31. minutuan epaileak penalti adierazi ondoren etorri da, baloiak David Silvaren eskuetan jo ostean. Alex Remirok bikain gelditu du Iker Muniainen jaurtiketa.
Penaltia huts egin arren, bizkaitarrek goian presionatzen jarraitu dute, eta, bost minutu geroago, Yuri ahalegindu da ezkerkada gogor batekin, baina neurketan zehar etxeko zaleen txistuak jaso dituen Remirok baloia aldaratu du berriro.
Bigarren zatian, hasierako protagonista berberak zelairatu dira, eta, hasi eta berehala, 3. minutuan, Dani Garciak erdiraketa egin, eta Berenguerren burukada gutxigatik joan da kanpora. Zuri-gorriek intentsitate handiagorekin jokatu dute, txuri-urdinek euren aukera noiz iritsiko zain zeuden bitartean.
Hala ere, Athleticen gola iritsi da. 68. minutuan, Berenguerrek kornerra atera du, eta Vivianen burukada ikusgarriak 1-0ekoa jarri du markagailuan. Ia jarraian, beste korner jaurtiketa batean, Ohian Sancetek etxekoen bigarrena erdietsi du (2-0).
Zuri-gorriek beste bi gol gehiago egin dituzte. Hala, Williamsek neurketa erabakita utzi du 80. minutuan, kontraerasoan (3-0). Ondoren, partida amaitu baino lehen, Iker Muniainek laugarrena sartu du (4-0).
FITXA TEKNIKOA
Hamaikakoak:
Athletic: Unai Simon; De Marcos (90. min, Petxarroman), Vivian, Iñigo Martinez, Yuri (90. min, Balenziaga); Berenguer, Dani Garcia, Vesga (61. min, Vencedor), Muniain; Raul Garcia (61. min, Sancet) eta Iñaki Willliams (86. min, Villalibre).
Reala: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Aihen Muñoz; Zubimendi, Merino (61. min, Guridi), Silva (61. min, Rafinha); Portu (73. min, Ander Martin), Oyarzabal eta Sorloth (73. min, Djouahra).
Epailea: Juan Martinez Munuera (Valentzia).
Epailea VAR sisteman: Antonio Mateu Lahoz (Valentzia).
Futbol-zelaia: San Mames.
Golak:
1-0, Dani Vivian (68. min)
2-0, Ohian Sancet (71. min)
3-0, Iñaki Willliams (80. min)
4-0, Iker Muniain (89. min)
Remiro eta Muniain
Athleticeko eta Realeko jokalariak
Yuri eta Zubimendi
Imanol eta Marcelino
Aritz Aduriz, palkoan
Hamaikako txuri-urdina
Realeko zaleak