Itxi

Futbola

Primera Iberdrola

Nerea Eizagirreren golak garaipena eman dio Realari Athleticen aurkako derbian (1-0)

EITB MEDIA

Bi taldeek izan dituzte aukerak; donostiarrak hobeak izan dira lehen zatian eta bilbotarrak, berriz, bigarrenean, baina ez dira berdinketa lortzeko gai izan.

1:46
Reala-Athletic euskal derbia, Reale Arenan

Reala Athletici gailendu zaio Reale Arenan, Primera Iberdrolako 16. jardunaldian, jokatutako euskal derbian. Nerea Eizagirrek 22. minutuan egindako golaka garaipena eman die donostiarrei.

Athleticek, bosgarren ligako sailkapenean, hobeto hasi du neurketa, eta nagusi izan da lehen minutuetan. Gola ere egin du bosgarren minutuan, Luciak ate barrura bidali du Pekek emandako pasea, baina jokoz kanpokoa adierazi du epaileak, eztabaida piztu duen erabakia. Ondoren, donostiarrek Valdezateren penaltia eskatu dute eskuaz desbideratu baitu Gemaren jaurtiketa. Ez du baina arbitroak ikusi. Eta jarraian, Athleticeko atezainak pozoindutako baloia atera dio Fransiri.

22. minutuan, eta Athletic nagusi zenean, iritsi da Realaren gola. Nerea Izagirrek egin du, bere taldea markagailuan aurretik jartzeko. Natalia Arroyoren jokalariak ligan duten bigarren postua sendotzeko balio izan duen gola egin du Eizagirrek, areaz kanpotik jaurtita.

Golak min handia eman dio Athletici eta nabarmenagoa izan da Realaren nagusitasuna. Urrutitik, lehendabizi Iraia eta ondoren Gabi saiatu dira.

Lehen zatiko azken minutuetan berdintzeko golaren bila joan da Athletic, baina 1 eta 0ekoarekin heldu dira bi taldeak atsedenaldira.

Bigarren zatia

Athleticek urrats bat egin du aurrera bigarren zatian, baina sendo aritu da atzean Natalia Arroyoren taldea. Arriskuren bat edo beste sortu dute zuri-gorriek, baina ez oso garbiak. 72.ean ordea, aukera ederra barkatu du Lucia Garciak.

80.ean, Jensen norvegiarrak, Realaren azken fitxaketak, izan du debutatzeko aukera. Azken minutuetan, aldaketekin, talde txuri urdinaren defentsa gainditzeko azken saiakera bat egin dute bilbotarrek. Alferrik baina. Azken arriskua, Amaiurrek sortu du urrutitik.

Amaieran, 1 eta 0, Realaren alde. Hiru puntuak Donostian geratu dira.