Itxi

Futbola

Chelseako heroia

Kepa Arrizabalaga: "Tuchelek luzapeneko atsedenaldian esan zidan zelaira sartzeko aukera nuela"

A. B. E. | EITB Media

Chelseako euskal atezaina erabakigarria izan zen Vila-realen aurkako Europako Superkopako finalean, irabazlea erabaki zuten penalti jaurtiketetan bi gelditu eginda. 119. minutuan sartu zen berdegunera, eta entrenatzaileak aldaketaren berri nola eman zion azaldu du.

  • Rudiger, Kepa eta Azpilicueta

    Rudiger eta Azpilicueta, Kepa besarkatzen, Albioli penaltia gelditu ostean. Argazkia: EFE

Kepa Arrizabalaga Chelseako euskal atezaina taldeko heroia izan zen Vila-realen aurkako Europako Superkopako finalean, bi penalti jaurtiketa geldituta erabakigarria izan baitzen titulua lortzeko. Finalaren ostean egindako adierazpenetan azaldu zuen Thomas Tuchel entrenatzaileak nola esan zion luzapena amaitzear zenean zelaira sartuko zela.

Mendy atezaina atera zen hasierako hamaikakoan, eta horrek babestu zuen Chelsearen atea 119. minutura arte, orduan Kepak ordezkatu baitzuen. Tuchelek Ondarroako atezainaren aldeko apustua egin zuen penaltietarako, luzapena amaitzeko bi minutu falta zirenean.

"Luzapeneko atsedenaldian esan zidan oraindik aldaketa bat geratzen zitzaiola eta zelaira sartzeko aukera izango nuela. Mendyren ordez sartu nintzen, eta dena bikain atera zen. Penaltietan denetarik gerta daiteke, hainbat gauza hartzen dira kontuan; aurkaria aztertzea, intuizioa eta beste mila gauza. Pozik nago nola amaitu den ikusita", adierazi zuen Kepak finala amaitu ostean.

Atezain bizkaitarrak argi du horrelako erabakiak eta aldaketak ez direla ohikoak izaten: "Horrelako erabakiak eta aldaketak ez dira ohikoak izaten, baina Thomas Tuchel taldea zuzentzen hasi zenetik gauza hauetaz asko hitz egin dugu. Alderantziz ere gerta daiteke egunen baten. Entrenatzailearen eta jokalarien arteko harremanaren araberakoa izaten da".

Keparen hitzetan, Chelseak Europako Superkopa irabazi nahi zuen, bi urte lehenago porrota jaso baitzuten txapelketa honetan, penaltietan. "Oso pozik gaude aurten garaipena lortu ahal izan dugulako. Denboraldia aurrekoa bukatu genuen bezala hasi dugu, titulu bat lortuta, eta hori oso garrantzitsua da", esan du Ondarroako atezainak.

Tuchelek erabakia azaldu du

Thomas Tuchel Chelseako entrenatzaileak Kepa Arrizabalaga 119. minutuan zelairatzeko erabakia azaldu zuen. "Kepak portzentaje hobea du penaltiak gelditzen, eta estatistikak erakutsi zizkidaten. Atezainakein hitz egin genuen, eta aldaketa egitea aukera bat zela adierazi genien, finala penaltietan erabaki behar bazen. Zoragarria da Mendyk erabakia nola onartu zuen. Taldeko jokalariak dira, ez dute handiusterik", adierazi zuen Tuchelek BT Sport kateari eskainitako elkarrizketan.