Itxi

Futbola

Bi penalti geldituta

Kepa Arrizabalaga, Chelseako heroia Europako Superkopako finalean

A. B. E. | EITB Media

Ondarroako (Bizkaia) atezaina protagonista izan da Ingalaterrako taldeak Vila-reali irabazi dion Europako Superkopako finalean. Neurketa eta luzapena bana (1-1) berdinduta amaitu dira. Kepa 119.minutuan zelairatu da eta bi penalti jaurtiketa gelditu ditu.

  • Chelsea

    Chelseako jokalariak Kepa besarkatzen, honek Albioli penaltia gelditu ostean. Argazkia: EFE

Chelseak Europako Superkopa irabazi du asteazken honetan Belfasten jokatu den finalean, Vila-real mendean hartuta. Kepa Arrizabalaga euskal atezaina izan da gakoa Ingalaterrako taldearentzat, penaltietan erabaki baita irabazlea eta bi jaurtiketa gelditu baititu.

Mendy atezainak jokatu du Chelsearekin hasieratik, eta gelditu onak egin ditu partidan zehar. Hala ere, Thomas Tuchel entrenatzaileak atezaina aldatzea erabaki du luzapena amaitzeko bi minutu falta zirenean, markagailua 1-1 zegoenean; Kepa Arrizabalaga zelairatu du orduan, Mendyren ordez. Teknikari alemaniarrak bazekien penaltietan erabakiko zela irabazlea, eta atezaina aldatzeko estrategiak emaitza ona eman dio.

Plana bikain atera zaio Tucheli. Chelseak huts egin du lehenengo penaltia, Asenjok gelditu egin baitu Havertzen jaurtiketa. Jarraian, Gerard Morenok aurretik jarri du Vila-real, gola sartuta. Ondoren, Azpilicuetak sartu egin du Ingalaterrako taldearen bigarren penaltia, eta Kepak Mandiren jaurtiketa gelditu du. Parekotasuna erabatekoa izan da, eta seigarren jaurtiketa behar izan dute irabazlea erabakitzeko. Rudigerrek aurretik jarri du Chelsea, eta begi guztiak Kepa Arrizabalagarengan jarrita zeudenean, Ondarroako atezainak Albiolen jaurtiketa gelditu du, eta, ondorioz, Europako Superkopako titulua eman dio bere taldeari.