Itxi

Futbola

TOKIO 2020 | FUTBOLA

Zilarra Merino, Moncayola, Oyarzabal, Simon eta Zubimendirentzat

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bost jokalariek minutuak izan dituzte Brasilen aurkako final olinpikoan, eta Oyarzabalek sartu du Espainiako Selekzioaren gola.

  • Mikel Merino Brasilen aurkako partidan zehar.

    Mikel Merino Brasilen aurkako partidan zehar. Argazkia: EFE

Brasilek 2-1 irabazi dio Espainiari larunbat honetan Yokohaman jokatutako Tokioko Olinpiar Jokoetako futboleko finalean, Malcomek luzapenaren bigarren zatian sartutako gola dela medio.

Bost euskal jokalariek parte hartzeko parada izan dute neurketan zehar. Hala, Mikel Merino, Mikel Oyarzabal, Unai Simon eta Martin Zubimendi hasieratik aritu dira; Jon Moncayolak, berriz, aulkitik atera da luzapeneko bigarren zatian.

Luis de la Fuente Espainiako entrenatzaileak aldaketak egin dituen arren, Hegoamerikako taldeak arrisku handiagoa sortu du luzapen horretan, eta horietako batean erabaki du finala bere alde.

Aurretik, lehen zatian, brasildarrek aldeko penalti bat alperrik galdu dute 37. minutuan, Richarlisonek baloia langa gainetik bidali baitu. Penalti hori VARa gainbegiratu ostean adierazi du epaileak, eta iritzi dio Unai Simonek Cunharekin izan duen tupustekoa faltarekin zigortzeko  modukoa zela.

Gerora, baina, lehen zatiko azken minutuan, Cunhak berak 1-0ekoa erdietsi du Brasilen alde. Eta horrela jarraitu du markagailuak 60. minutura arte. Orduan, iritsi da Espainiaren berdinketa Oyarzabalen ezkerkada ikusgarri batekin, Carlos Solerren erdiraketa baten ostean.

Luzapenean Brasil sendoago agertu da izan da, eta 108. minutuan Malcomek bere taldea aurreratu du berriro, bere abiadura bizia aprobetxatuz Vallejo atzean utzi eta Simon gaindituta.

Horrenbestez, Brasilek 2016an Rio de Janeiron irabazi zuen txapeldun olinpikoaren titulua errepikatu du, eta Espainiak, berriz, beste zilar bat erdietsi du, 2000. urtean Sydneyko Jokoetan, 1926koetan Anbereskoetan gertatu legez.

Fitxa teknikoa:

1 - Brasil: Santos; Dani Alves, Nino, Diego Carlos, Arana; Douglas Luiz, Bruno Guimaraes; Antony (Menino, 112. min), Claudinho (Reinier, 106. min); Cunha (Malcom, 91. min) eta Richarlison (Paulinho, 114. min).

1 – Espainia: Unai Simón; Óscar Gil (Vallejo, 91. min), Eric García, Pau Torres, Cucurella (Miranda, 91. min); Zubimendi (Moncayola, 111. min), Mikel Merino (Carlos Soler, 46. min), Pedri; Asensio (Bryan Gil, 46. min), Oyarzabal eta Dani Olmo.

Epailea: Chris Beath (Australia). Txartel horiak: Arana, Richarlison, Cunha, Douglas Luiz (Brasil); Eric García eta Bryan Gil (Espainia)

Golak: 0-1,  45 (+2). min: Cunha. 1-1, 60. min: Soler. 2-1, 108. min: Malcom.