Itxi

Futbola

Kopako finalerdiak

Bartzelonak abantaila txikia lortu du partida parekatu batean

Erredakzioa

Neurketak bi jokaldi erabakigarri izan ditu. Batean Pinto Barcako atezaina egotzi behar izan du epaileak, baloia eskuarekin ukitu baitu areaz kanpo. Bestean penalti bat gelditu dio Messiri Alvesek.

  • Messi baloia kontrolatzen. Argazkia: EFE

    Messi baloia kontrolatzen. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Valentzia: Alves; Miguel, Rami, Victor Ruiz, Mathieu; Albelda (Tino Costa, 66. minutua), Éver; Piatti (Feghouli, 59. minutua), Jonas (Aduriz, 75. minutua), Jordi Alba; eta Soldado.

Bartzelona: Pinto; Pique, Puyol, Mascherano, Abidal; Cesc, Sergio Busquets, Thiago (Jonathan Dos Santos, 79. minutua); Cuenca (Tello, 87. minutua), Messi eta Alexis (Alves, 63. minutua).

Golak: 1-0, 27. minutua: Jonas. 1-1, 35. minutua: Puyol.

Valentzia eta Bartzelonak bana berdindu dute gaur Errege Kopako finalerdietako joaneko neurketan. Norgehiagoka parekatua izan da. Kataluniako taldeak baloia izan du, eta Valentziak beharrezko bizitasuna arerioa kontrolpean mantentzeko. Horrela, bisitariek abantaila txikia lortu dute kanporaketan.

Neurketak bi jokaldi erabakigarri izan ditu. Aurreneko zatian Jose Manuel Pinto Barcako atezaina egotzi behar izan du epaileak, baloia eskuarekin ukitu baitu areaz kanpo. Bestean penalti bat gelditu dio Lionel Messiri Diego Alvesek bigarren zatian, markagailuan banako berdinketa zegoenean.

Jokatu dituen partidetako gidoiei leiala izan da Bartzelona. Horrela, Guardiolaren jokalariek baloiaren jabetza bereganatu dute. Bien bitartean, Valentzia zain izan du Bartzelonak. Emeryren taldeak Barca kontraerasoan harrapatu nahi zuen.

Horrela, lehen ordu erdia bete baino lehen, kontraeraso batean Valentziak markagailuan aurrea hartu du. Jonas brasildarrak sareetara bidali du Jeremy Mathieu frantziarraren erdiraketa bat. Pintok ezin izan du ezer egin gola saihesteko.

Nahiz eta Valentziak gola sartu partidak berdin jarraitu du. Horrela, Bartzelonak berdinketa egin du. Alexis Sanchezek jaurti eta Alvesek geldiketa paregabe baten bidez baloia kornerrera bidali du. Korner horretan Puyolek buruz berdinketa igo du markagailura. Valentziako atezaina ez da batere fin ibili jokaldi horretan.