Itxi

Futbola

Ezezkoa

FIFAk ere uko egin dio Euskal Selekzioa kide ofizial gisa onartzeari

AGENTZIAK | EITB MEDIA

FIFAren jarrera hori bat dator UEFAk duela aste batzuk jakitera eman zuenarekin.

  • La Euskal Selekzioa junto a una pancarta solicitando la oficialidad

    Euskal Selekzioa ofizialtasuna eskatzeko pankarta batekin. Argazkia: EITB

Euskadiko Futbol Federakundeak (EFF) astelehen honetan jakitera eman duenez, asteburu honetan FIFAren ezezko formala jaso du erakunde horretako "eskubide osoko kide izateko" egindako eskaeraren aurrean. Ondorioz, Federazioaren ustez, "oraingoz" itxi egin da "Euskal Selekzioak era ofizialean nazioarteko
lehiaketetan parte hartzeko atea".

Hain zuzen ere, FIFAren jarrera hori bat dator duela aste batzuk UEFAk azaldu zuen erabakiarekin, nahiz eta euskal federazioak gaur bertan izan duen ofizialki horren berri, Espainiako Futbol Federazioaren bitartez; izan ere, UEFAk hari zuzendu dio bere erantzuna, EFFk plazaratu duen oharrean azaldu duenez.

Hala, Euskadiko Futbol Federakundearen aburuz, FIFAk eta UEFAk bere eskariaren aurka agertutako iritziak "albiste txarrak" dira. Dena den, aurreratu du jasotako bi ebazpenak bere zerbitzu juridikoei igorri dizkiela dagoeneko, "horren inguruan zerbait egin daitekeen" azter dezaten.

EFFren esanetan, "munduko futbolaren erakunde gorenak Euskadiko Futbol Federazioaren eskaera ukatzeko emandako argudioa FIFAren araudiak ezartzen dituen legezko irizpideak ez betetzean oinarritzen da: EAE autonomia erkidegoa da, ez nazioarteak onartzen duen estatu independente bat". Hain justu, UEFAk argudio bera erabili du bere ezezkoa emateko.

Aitzitik, Euskadiko Futbol Federakundea "ez dago ados" aipatu ebazpenetan jasotzen diren argudioekin, eta, hartara, "ofizialtasunaren alde lanean" jarraituko duela nabarmendu du, "gure gizarteak eskatzen duen aintzatespena lortzeko ahaleginak areagotuz".