Futbola
San Mames
2024ko emakumezkoen Txapeldunen Ligako eta 2025eko gizonezkoen Europa Ligako finalak Bilbon jokatuko dituzte
EITB MEDIA | AGENTZIAK
UEFAren Batzorde Exekutiboak ostiral honetan erabaki du, Bizkaiko hiriburuarentzako konpentsazioa gisa; izan ere, azkenean ez zen izan anfitrioi 2020ko Eurokopan.
-
Europa mailako bi final jokatuko dituzte San Mamesen. Argazkia: EFE.
San Mames futbol-zelaian 2024ko emakumezkoen Txapeldunen Ligako eta 2025eko gizonezkoen Europa Ligako finalak jokatuko dituzte (txapelketa horretan, egun, gizonezko taldeek soilik parte hartzen dute). UEFAren Batzorde Exekutiboak ostiral honetan erabaki du, Bilborentzako konpentsazio gisa; izan ere, Bizkaiko hiriburua, azkenean, ez zen izan anfitrioi 2020ko Eurokopan.
Hala, 2020ko Eurokopan egoitza izan behar zuten bi hiriri antolatze-eskubideak kenduta, UEFAko Batzorde Exekutiboak adiskidetze-akordioa onartu du; bi hiriek txapelketa prestatzeko egindako ahaleginak eta inbertsio ekonomikoa aitortuz, klubetako etorkizuneko final batzuk ematea ebatzi du.
Bilbok, arestian esan bezala, 2024ko emakumezkoen Txapeldunen Ligako eta 2025eko Europa Ligako finalak izango ditu; Dublinek, aldiz, 2024ko Europa Ligako finala hartuko du.
Testuinguru horretan, 2021eko gizonezkoen Txapeldunen Ligako finala Istanbuletik Portora eramatea erabakita, "2023ko gizonezkoen Txapeldunen Ligako finala Istanbuleko Atatürk Olympic Stadiumean jokatuko da", adierazi du UEFAk. 2022ko gizonezkoen finala San Petersburgon izango da.
Gainera, klubetako europar denboraldiaren hasiera-ekitaldia (Txapeldunen Ligako, Europa Ligako eta UEFA Conference Leagueko multzo-faseetako zozketak bertan egiten dituzte) Istanbulen gauzatuko da, 2021/22 eta 2022/23 denboraldietarako.
Bestalde, Munich 2025ean izango da egoitza (2023an izatekoa zen), eta Londreseko Wembley, aldiz, 2024an, aurreikusita zegoenez.