Futbola
Finalerdiak
Ingalaterrak eta Danimarkak Eurokopako finalean egon nahi dute
EITB Media
Italiak Espainia kaleratu eta Wembleyko igandeko partidarako aurkariaren zain dago.
-
Ingalaterrako jokalariak. Argazkia: EFE
Ingalaterrak eta Danimarkak Eurokopako finalean egoteko beste txartela izango dute jokoan gaur Wembleyko futbol-zelaian gaueko 21:00etan.
Etxeko taldeak bere zaleen laguntza eta babesa izango du eta faborito nagusiena da igandeko finalean Italiaren kontra jokatzeko, halere, aurrean oso ondo jokatzen ari den taldea izango dute, hots, Danimarka.
Final-laurdenean lortutako gol sortak (4-0 Ukrainiaren aurka) eta Harry Kane berriro ere sasoian ikusteak (bi gol egin zituen) irabazteko hautagai nagusia egiten du Ingalaterra. Historian lortutako lehiaketa handi bakarra 1966ko Munduko Txapelketa da, beraz, herri osoa dago gaueko neurketari begira.
Aurrean Kasper Hjulmanden taldea izango dute. Danimarkak gaizki hasi zuen Eurokopa Finlandiaren aurka galtzen, eta gainera, partida horretan Christian Eriksen lurrera erori zen bere selekzioaren erasoko jokaldi batean eta zelaitik atera behar izan zuten berdegunean bertan 15 minutuz artatu eta gero.
Hurrengo partidetan erakutsitako joko alaiarekin eta emaitzak lagunduta -Errusia (4-1), Gales (4-0) eta Txekia (2-1)- finalerdietarako sailkapena merezimenduz erdietsi zuten danimarkarrek.
FITXA TEKNIKOA
INGALATERRA: Pickford; Walker, Stones, Maguire, Shaw; Rice, Phillips, Mount; Sancho, Sterling eta Kane.
DANIMARKA: Schmeichel; Christensen, Kjaer, Vestergaard; Stryger, Hojbjerg, Delaney, Maehle; Braithwaite, Damsgaard eta Dolberg.
Epailea: Danny Makkelie
Futbol-zelaia: Wembley
Orduia 21:00