Futbola
Euro 2020: final-zortzirenak
Belgikak egungo txapelduna kanporatu du (1-0)
A. A. | EITB MEDIA
Thorgan Hazardek atsedenaldia baino lehen sartutako gola nahikoa izan da belgikarrek Portugal txapelketatik kanpo uzteko.
-
Thorgan Hazard bere gola ospatzen beste bi taldekiderekin batera. Argazkia: EFE
Belgikak 2020ko Eurokopatik kanpo utzi du Portugal igande honetan (1-0). Thorgan Hazardek atsedenaldira iritsi aurretik sartu duen gola nahikoa izan da lehiaketako egungo txapelduna etxera bidaltzeko. Horrenbestez, portugaldarrak 2016an erdietsitako balentria errepikatzeko ametsik gabe geratu dira.
Orain, Roberto Martinez katalanak zuzentzen duen selekzioak Italiaren aurka jokatuko du final-laurdenetako kanporaketa, ostiralean, Munichen.
Joko gutxiko lehen zati baten ostean, azken minutuetan baino ez dira egon jokaldi onak, eta horietako batean iritsi da Belgikaren gola. Bigarrenean, berriz, Fernando Santosek entrenatzen duen taldea gogotsu aritu da neurketa orekatzeko golaren bila.
Belgikak, bere aldetik, ia uko egin dio erasoari, eta Thibaut Courtoisen atea zaintzeko zereginetan ibili da beste ezer baino gehiago. Belgikako atezaina, gainera, ondo aritu da, eta, besteak beste, Ruben Diasen burukada bat gola bihurtzea eragotzi du. Beste erremate batean, berriz, Raphael Guerreiroren jaurtiketa batek Courtoisen ateko ezkerreko zutoina jo du.
Fitxa teknikoa:
1 - Belgika: Courtois; Vermaelen, Vertonghen, Alderweireld; Meunier, Tielemans, Witsel, Thorgan Hazard (Dendoncker, 95. min); De Bruyne (Mertens, 48. min), Lukaku, Eden Hazard (Carrasco, 87. min).
0 - Portugal: Rui Patrício; Dalot, Pepe, Ruben Dias, Guerreiro; Joao Moutinho (Joao Félix, 55. min), Palhinha (Danilo, 78. min), Renato Sanches (Sergio Oliveira, 78. min); Bernardo Silva (Bruno Fernandes, 55. min), Cristiano Ronaldo, Diogo Jota (André Silva, 70. min).
Gola 1-0, 42. min: Thorgan Hazard.
Epailea: Felix Brych (Alemania). Txartel horiak: Vermaelen eta Alderweireld (Belgika); Palhinha, Dalot eta Pepe (Portugal).