Itxi

Futbola

EURO 2020 (C multzoa)

Herbehereetako selekzioak Austriari irabazi dio eta final-zortzirenetara sailkatu da

A. B. E. | EITB Media

Bigarren garaipena jarraian lortu du Frank De Boerrek zuzentzen duen taldeak, selekzio austriarrari 2-0eko emaitzarekin irabazita. Final-zortzirenetan egongo da C multzoko lehen sailkatu gisa.

  • Menphis Depay

    Menphis Depay (Herbehereak), Austriaren aurka gola sartu ostean. Argazkia: EFE

Herbehereetako selekzioak 2-0eko emaitzarekin irabazi du Austriaren aurka jokatu duen Eurokopako C multzoko bigarren jardunaldiko partida, multzoko lidergoa bermatuta dauka, eta final-zortzirenetarako txartela eskuratu du.

Hasierako minutuak parekatuak izan dira, baina 10. minutuan Alabak penaltia egin dio Dumfriesi, eta Depayk gola sartu du (1-0) penalti jaurtiketaren bidez Bachmann atezaina gaindituta.

Austriari min egin dio gola hain azkar jasotzeak, eta ez da gai izan aurkariaren ate aurrean abagune argiak sortzeko. Herbehereetako selekzioak ere ez ditu gola sartzeko aukera asko izan lehen 45 minutuetan. Menphis Depayk abagune argiak izan ditu atsedenaldira iritsi aurretik, baina ez da fin ibili Austriak babestutako atearen aurrean.

Bigarren zatian ez da partidaren gidoia aldatu. Bi taldeei asko kosta zaie aurkariari min egitea, baina Herbehereetako selekzioak kontrolpean izan du neurketa. Frank De Boer hautatzaileak zuzentzen duen selekzioak bigarren gola gertu izan du 61. minutuan, gutxigatik kanpora joan den De Ligten erremate baten ostean, eta sei minutu beranduago jaso du saria; Austria erasoko jokaldia antolatzen zebilen, Herbehereetako selekzioak baloia berreskuratu du, Malenek abiadura bizian ekin dio kontraerasoari, eta haren pasea Dumfriesek sare barrura bidali du, markagailuan 2-0ekoa jarrita.

Austria desabantaila murrizten saiatu da azken txanpan, abaguneren bat edo beste izan du, baina ez da gola sartzeko gai izan, eta azken jardunaldian Ukrainaren aurkako partidan izango du jokoan final-zortzirenetarako txartela.

Fitxa teknikoa:

2 - Herbehereak: Stekelenburg; Dumfries, De Vrij, Blind (Ake, 64. min), De Ligt, Van Aanholt (Wijndal, 64. min); Frenkie De Jong, Wijnaldum, De Roon (Gravenberch, 74. min); Weghorst eta Depay (Luuk de Jong, 82. min).

0 - Austria: Bachmann; Dragovic (Lienhart, 84. min), Alaba, Hinteregger; Schlager (Onisiwo, 84. min); Sabitzer, Laimer (Grillitsch, 62. min), Ulmer, Lainer; Gregoritsch (Kalajddzic, 62. min) eta Baumgartner (Lazaro, 70. min).

Golak: 1-0, 11. min: Memphis Depay, penaltiz. 2-0, 67. min: Denzel Dumfries.

Epailea: Orel Grinfeeld (ISR). Txartel horiak atera dizkie David Alaba (10. min) eta Daniel Bachmann (67. min) Austriako jokalariari, baita Marteen De Ron (14. min) Herbehereetako futbolariari.