Futbola
Ligak baztertu egin du
Amorebietak ezingo ditu Bigarren Mailako partidak Urritxen jokatu
A. A. | EITB MEDIA
Ligaren ustez, estadioa "ez da egokia" eta hura moldatzea "ez da bideragarria". Zornotzarrek ekainaren 12ra arte dute partidak jokatzeko bi kirol instalazio alternatibo proposatzeko.
-
Urritxeko futbol-zelaia. Argazkia: @SDAmorebieta
LaLigak Amorebieta futbol taldeari jakinarazi dionez, Urritxeko zelaia "ez da egokia" SmartBank Ligako partidak hartzeko, eta, horrez gain, txapelketa hori datorren denboraldian jokatzeko egin beharko liratekeen egokitze-lanak ez direla bideragarriak irizten dio da, "beharrezko inbertsioaren zenbatekoa eta aurreikusitako exekuzio epea" aintzat hartuta.
Aipatu horiek dira, hain zuzen ere, LaLigak Zornotzako udal futbol-zelaira maiatzaren 27an egindako bisitaren ostean bidali duen txostenaren ondorio nagusiak.
Jon Larrea buru duen erakundeak jakitera eman duenaren arabera, orain Bizkaiko klubak ekainaren 12ra arteko epea dauka Urritxe zelaiaren ordezko lanak egingo lituzketen bi aukera proposatzeko. Hala ere, Ligaren txostena "zehatza" da, eta "ez du esperantza mantentzeko zirrikitu handirik uzten"..
"Urritxe estadioak ez ditu LaLigak eskatzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen. Tamalez, jakinarazten dizuegu Amorebietak ezingo dituela bertan jokatu SmartBank Ligako partidak. Estadioa ez dela egokia erabaki dugu. Egin beharreko egokitze-lanak handiak dira, baita mailara egokitzeko jarri behar den diru-kopurua ere, eta epeei dagokienez ere egokitze-lanak ez dira bideragarriak", adierazi du Ligak Amorebietari bidalitako oharrean.
Jon Larrea Amorebieta taldeko presidenteak Amorebieta-Etxanoko alkatea den Andoni Agirrebeitia jakinaren gainean jarri du, LaLigak bidalitako komunikatua jaso ostean. Orain, klubeko Zuzendaritza-Batzordeak beste zelai bat bilatu beharko du, nahiz eta 'B plana' pentsatuta zeukaten Urritxek Ligaren oniritzia jasotzen ez bazuen.
"Klubean argi daukagu datorren denboraldirako beste zelai bat aukeratzeko garaian, kontuan izango dugula gure bazkideen erosotasuna. Kontuan izango dugu baita, maila igoera honek Amorebieta-Etxanoko herriari ekar diezaioken onura kirol mailan zein arlo sozio-ekonomikoan", gaineratu du Amorebietak publikatu duen oharrak.