Itxi

Futbola

Fitxaketak

Bartzelonak Sergio Aguero fitxatu du 2023ra arte

A. A. | EITB MEDIA

Aurrelari argentinarra 33 urte betetzear dagoela iritsiko da talde katalanera, eta 100 milioi euroko etete klausula izango du.

  • Sergio Aguero aurrelaria Manchester Cityko elastikoarekin.

    Sergio Aguero aurrelaria Manchester Cityko elastikoarekin. Argazkia: EFE

Sergio 'Kun' Aguero aurrelari argentinarrak Bartzelonan jokatuko du hurrengo bi denboraldietan, 2023ko udara arte, behin Manchester Cityrekin zuen kontratua amaituta. Hala, Leo Messi lagun eta herrikidearekin bat egingo du bertan, baldin eta hark kontratua luzatzen badu.

"Bartzelonak eta Sergio 'Kun' Aguerok akordioa lortu dute uztailaren 1etik aurrera bertan jokatzeko, Manchester Cityrekin zuten kontratua bukatu ostean. 2022-23 denboraldia amaitu arte sinatuko du kontratua, eta 100 milioi euroko etete klausula izango du", iragarri du Kataluniako klubak.

Aguerok 33 urte beteko ditu asteazkenean, eta astelehen honetan bertan sinatu du kontratua, Argentinara hegan egin eta bere selekzioarekin Munduko Txapelketara sailkatzeko kanporaketak jokatzen hasi aurretik.

Aguero Cityn aritu da azken 10 urteetan: ia 400 partida jokatu ditu bertan, eta 260 gol sartu eta 15 titulu eskuratu ditu.