Futbola
38. JARDUNALDIA
Atletico, Ligako txapeldun; Valladolid eta Huesca, Bigarren Mailara
A. A. | EITB MEDIA
Madrildarrek markagailua irauli behar izan dute (1-2) eta bide batez Valladolid Bigarren Mailara bidali dute. Gaztela eta Leongo taldearekin batera Huesca ere jaitsi egin da.
Atletico Madrilek 2020/2021eko Santander Liga Txapelketa bereganatu du Valladolidi 1-2 irabazi eta gero. Madrildarrek markagailua irauli behar izan dute; izan ere, jaitsiera postuak saihesteko borrokan bete-betean murgilduta egon den etxeko taldeak aurrea hartu du lehen zatian. Kontraeraso azkar bat antolatu dute, eta Oscar Planok gola erdietsi du 18. minutuan Atletico urduriaren aurka.
Dena den, Simeonek zuzentzen duen taldeak hobera egin du bigarren zatian, eta 1-1ekoa lortu du 57. minutuan, Angel Correak amaitu duen taldeko jokaldi luze baten ostean. Hamar minutu geroago, Luis Suarezek Sergi Guardiolaren akats bat baliatu du bere taldearen bigarrena lortu eta garaipena erdiesteko. Garaipen hori, gainera, beharrezko izan dute koltxoneroek, Real Madrilek irabazi egin baitu Vila-realen aurkako neurketa, azken orduan izan bada ere (2-1).
Hiru puntu horien bidez, madrildarrek euren historiako hamaikagarren liga titulua eskuratu dute. Valladolid, ostera, mailaz jaitsi da, Lehen Mailan hiru denboraldi egin ondoren (31 puntu).
Gaztela eta Leongo taldearekin batera Huesca izan da maila galdu duen beste taldea, zutoinekin eta Valentzia lehiakor batekin tupust egin ondoren. Aragoikoek berdinketa baino ezin izan dute lortu, nahiz eta abaguneak izan dituzten (0-0). Hartara, puntu banaketa horrekin eta Elxek Athleticen aurka lortutako garaipenarekin (2-0), Aragoiko taldea Bigarren Mailara jaitsi da (36 puntu Elx; 34 puntu Huesca).