Itxi

Futbola

37. jardunaldia

Atleticok eta Madrilek Osasuna eta Athletic garaitu eta Ligaren lehian segitzen dute

A. A. | EITB MEDIA

Gorritxoek aurrea hartu dute Wandan, baina Simeoneren mutilek markagailua irauli dute (2-1). San Mamesen, Zidaneren taldeak Nachoren gol bakartiarekin irabazi du.

0
Atletico Madril – Osasuna

Atletico Madrilek 2-1 irabazi dio Osasunari Wanda Metropolitanon markagailua irauli eta gero. Izan ere, gorritxoak irabazten jarri dira Ante Budimir kroaziarraren golarekin, baina etxekoek buelta eman diote Renan Lodi brasildarrari eta Luis Suarez uruguaitarrari esker. Hala, koltxoneroek euren esku dute Liga irabaztea, nahiz eta Real Madrilek garaipena lortu duen Bilbon (0-1).

Simeoneren mutilak erabat nagusi izan dira lehen zatian, eta bi baloi jaurti dituzte zutoinen aurka. Bigarrenean ere bultzaka jarraitu dute baita bi gol sartu ere, baina balio gabe geratu dira jokoz kanpokoengatik.

Ezustekoa 75. minutuan iritsi da, Budimirren burukada batek Jagoba Arrasateren taldea aurreratu baitu. Haatik, Lodik oreka ezarri du zazpi minutu geroago, eta Suarezek, 88.ean, etxekoei garaipena ekarri dien gola erdietsi du.

Fitxa teknikoa:

2 - Atletico Madril: Oblak; Trippier, Savic, Felipe, Hermoso (Lodi, 65. min); Llorente, Koke, Saúl (Joao Féliz, 65. min), Carrasco; Correa (Dembélé, 81. min), Luis Suárez (Kondogbia, 90. min).

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Ramalho, Unai García, David García, Juan Cruz, Rubén García; Kike Barja (Torró, 77. min), Darko, Moncayola, Jony (Roberto Torres, 65. min); Budimir (Enric Gallego, 77. min).

Golak: 0-1, 76. min: Budimir. 1-1, 81. min: Lodi. 2-1, 87. min. Luis Suárez.

Epailea: Martínez Munuera. Txartel horiak: Luis Suárez (Atletico); Budimir eta Darko (Osasuna).

Real Madril bizirik dirau Ligan San Mamesen irabazita (0-1)

Nacho Fernandez erdiko atzelariak Athleticen aurka ia nahi gabe sartutako golak bizirik mantendu Liga irabazteko Real Madrilen ametsa, bere taldeari garaipena eman diona izan baita (0-1).

Norgehiagokak polemikarako zenbait jokaldi izan ditu: lehenengoa, Jon Morcilloren esku bat zuri-gorrien arean; bigarrena, berriz, golaren jokaldian Karim Benzema aurrelariak zeukan posizioa. Frantziarra jokoz kanpo zegoen garbi, eta baloia jokatzen saiatu da, baina Mateu Lahoz epaileak ez du zigortu ez lehendabiziko jokaldiz, ez bigarrena.

Aldiz, 88. minutuan, txartel gorria atera dio Raul Garcia Athleticeko aurrelariari, hark esan duen zerbaitegatik.

Horrenbestez, San Mameseko eta Wandako emaitzekin, Atleticok bi puntuko aldea ateratzen dio Real Madrili, eta bere alde dauka bien arteko averagea. Horrela, azken jardunaldian erabakiko da txapelketa: Zinedine Zidaneren taldeak Vila-real hartuko du eta Simeonerenak Valladoliden aurka jokatuko du.

Vencedor eta Benzema neurketako unea baten. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic: Unai Simón; De Marcos, Yeray, Íñigo Martínez, Balenziaga; Berenguer, Vencedor (Unai López, 72. min), Dani García (Vesga, 64. min), Morcillo (Raúl García, 64. min); Sancet (Ibai, 72. min) eta Williams (Villalibre, 64. min).

1 - Real Madril: Courtois; Odriozola, Militao, Nacho, Miguel; Casemiro, Fede Valverde, Modric; Vinicius (Asensio, 59. min), Rodrygo (Hazard, 77. min) eta Benzema.

Gola: 0-1, 68. min: Nacho.

Epailea: Antonio Mateu Lahoz. Txartel gorri zuzena atera dio Raul Garciari erdilari nafarrak esan duen zerbaitegatik. Txartel horiak: Berenguer, Raúl García, Íñigo Martínez, Marcelino García Toral (Athletic); Nacho eta Zinedine Zidane (Real Madril).