Futbola
Errege Kopako finala
Errege Kopa Realarena da!
L.E.A. | EITB MEDIA
Donostiarrak 0 eta 1 gailendu dira Cartujan Mikel Oyarzabalek bigarren zatian penaltiz egindako golaren ondorioz
-
Reala, 2020ko Errege Kopako txapelduna. Argazkia: Efe.
Realak irabazi du 2020ko Errege Kopa, iaztko apiriletik atzeratutako finalean Athletici 0 eta 1 irabazi ostean. Garaipenaren gola mikel Oyarzabalek egin du, 63. minutuan, Iñigo Martinezek Porturi egindako penaltia jaurtita.
Lehen zati orekatua jokatu dute bi taldeek, elkarrenganako errespetu handia erakutsiz. Lehen 45 minutu horietan, gol aukera oso gutxi izan dira, eta argiena Athleticek izan du, Iñigo Martinezek 30. minutuan areaz kanpotik egindako jaurtiketa indartsu batean. Alex Remirok ondo urrundu du baloia kornerrera.
Aurreko jokaldi batean, Dani Garciak txartel horia ikusi du zelai erdian egindako falta baten ondorioz.
Horrela, hutsekoarekin eta bi taldeek nahi duten jokoa egiteko izan dituzten arazoekin, amaitu da lehen zatia Cartuja zelaian.
Bigarrena hasi eta gutxira, jokaldi eztabaidagarria izan da Athleticen areatik gertu. Iñigo Martinezek besoarekin ukitu du baloia area ertzean eta hasieran ez da argi egon area barruan ala kanpoan izan den. VAR laguntziale teknikoarekin kontsultatu ostean, epaileak kanpoan adierazi du falta. Jokaldia ondoriorik gabe amaitu da.
Finala erabaki duen jokaldia 58. minutuan iritsi da. Iñigo Martinezek penaltia egin dio Porturi Realeko jokalaria Unai Simonen aurrean bakar-bakarrik geratzear zela, epaileak penaltia adierazi du eta Athleticeko jokalariari txartel gorria atera dio zuzenean. Baina jarraian, jokaldia berriro aztertu du eta jokalari zuri-gorriari txartel gorria kentzea eta horia ateratzea erabaki du.
Penalta Mikel Oyarzabal Realeko kapitainak jaurti du eta Unai Simonek ez du aurrelariaren asmoa asmatu. Ondorioz, 0 eta 1ekoa igo da markagailura.
Hortik aurrera, joko nahasia izan da. Athletic nahi eta ezin ibili da eta Realak ondo eutsi die bilbotarren saiakerei. Bata zein bestea ez dira fin ibili gol-aukerak sortzeko garaian eta arrisku gutxi izan da bi atezainen inguruan.
Horrela, eta 8 minutuko luzapenaren ostean, Realak Errege Kopa irabazi du; bere historiako hirugarrena, 34 urteren ostean.
Fitxa teknikoa:
0 - Athletic: Unai Simón; De Marcos, Yeray, Íñigo Martínez, Yuri (Capa, 93. min); Berenguer (Villalibre, m.76), Dani García (Vesga, 76. min), Vencedor (Unai López, 68. min), Muniain; Raúl García eta Williams.
1- Real Sociedad: Remiro; Gorosabel (Aritz Elustondo, 93. min), Zubeldia, Le Normand, Monreal; Zubimendi, David Silva (Guevara, 85. min), Merino; Portu (Barrenetxea, 88. min), Isak (Carlos Fernández, 88. min) eta Oyarzabal.
Gola: 0-1, 63. min: Oyarzabal, penaltiz.