Itxi

Futbola

FIFAren datetan

Euskal Selekzioak partida jokatuko du Costa Ricaren aurka azaroaren 16an, Ipuruan

Erredakzioa

FIFAren egutiaren barruan jokatuko da neurketa, eta 20:45ean hasiko da. Partida ikuslerik gabe edo edukiera txikiarekin jokatuko da, osasun egoeraren arabera.

  • Euskal Selekzioa

    Euskal Selekzioko jokalariak Panamaren aurka sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EiTB

Euskal Selekzioak partida jokatuko du azaroaren 16an Costa Ricaren aurka, FIFAren data ofizialen barruan. Egoera epidemiologikoak uzten badu, partida Ipuruan jokatuko da arratsaldeko 20:45ean. Gainontzeko selekzioekin gertatzen ari den bezala, partida ikuslerik gabe edo edukiera txikiarekin jokatuko da, osasun egoeraren arabera.

Nazioarteko futbolak FIFA egutegiaren barruan jokatzen jarraitzen du, eta Euskal Selekzioak lehiatzeko eta hazten jarraitzeko konpromisoari eusten dio. Testuinguru horretan, Euskal Selekzioari Europa bisitatzen duen selekzio mundialista baten aurka jokatzeko aukera izango du; izan ere, Costa Rica Europara etorriko da hemengo ligetan ari diren bere jokalaririk onenak kontzentratzeko helburuarekin. Lehenengo, Austrian ibiliko da lanean eta Qatarreko selekzioaren aurka jokatuko du; ondoren, Euskal Herria bisitatuko du bere jokalaririk onenekin.

Euskal Selekzioak partida honen aldeko apustua egin du, hazten jarraitzeko aukera emango baitio FIFA egutegiaren barruan normaltasunez eta maiztasunez lehiatuz. Gizonezkoen Euskal Selekzioak FIFA datan jokatzen duen hirugarren aldia izango da azaroaren 16koa, Venezuelaren (2018) eta Panamaren (2019) aurka jokatutakoen ostean. Maila handiko selekzioen aurka lehiatzen jarraitzeak eta FIFA datetan egiteak aukera emango dio Euskal Selekzioari partida garrantzitsuak jokatzeko.

Urte hasieratik Euskadiko Futbol Federazioak, Eusko Jaurlaritzak, Lehen Mailako klubek eta jokalariek lantalde bat jarri dute martxan, Euskal Selekzioaren inguruan lan-dinamika berri bat sortzeko eta proiektu hau berpizteko, zaleen eta euskal gizartearen aurreikuspenei eta ilusioari erantzunez. Hala, azaroko FIFAren datan Costa Ricaren aurka jokatzeko erabakia dinamika berri horretan parte hartzen duten alderdi guztien artean adostutako erabaki baten emaitza da.