Itxi

Futbola

Sevillari irabazita (2-1)

Javi Martinezen gol batek Europako Superkopako titulua eman dio Bayern Munichi

A.B.

Alemaniako taldeak 2-1eko emaitzarekin irabazi dio finala Sevillari. Ocampos izan da Sevillaren golegilea. Goretzkak eta Javi Martinezek sartu dituzte Bayernen golak.

  • Javi Martinez

    Javi Martinez, Sevillari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Bayern Munich da Europako Superkopako txapelduna, Sevillari finala irabazita, 2-1eko emaitzarekin. Javi Martinez euskal jokalariak sartu du partidako gol erabakigarria, luzapeneko lehen zatiaren amaieran.

Bayern Munich izan da baloiaren jabe neurketaren hasieran, nahiz eta ez den gai izan abagune argirik sortzeko. Sevilla atzean sartuta egon da bere zelaitik atera ezinda, baina 11. minutuan De Jongek baloia bikain jaitsi du area barruan, eta Rakitic errematea egitera joan denean, penaltia egin dio Alabak. Ocamposek ez du barkatu, eta 0-1ekoa sartu du penaltiz.

Gola hartu ostean berriro Bayern izan da baloiaren jabe eta lehia berdintzeko abagune bikaina izan du 21. minutuan; Lewandowskik pase bikaina eman dio Müllerri, eta errematea kanpora joan da, Kounderengan jo ondoren. Zortzi minutu beranduago, Lewandowski bakarrik geratu da Bonoren aurrean, eta Sevillako atezainaren eskuetara bidali du errematea.

Bayernek erasora jo du itsu-itsuan, atsedenaldia baino lehen partida berdintzeko helburuarekin, eta alemaniarren ekinak saria jaso du 34. minutuan: Lewandowskik bikain jaitsi du baloia area hertzean, eta Goretzkak gola sartu du (1-1) jaurtiketa indartsu batekin.

Sevilla hobeto zelairatu da bigarren zatian, eta lehen minutua bete aurretik, Neuer atezain alemaniarrak gola eragotzi du De Jongen errematea desbideratuta. Minutu batzuk beranduago, Bayern izan da gola sartu duena, baina epaileak baliorik gabe utzi du, Lewandowski jokoz kanpo zegoelako. Epaileak beste gol bat baliogabetu dio Bayern Munichi 62. minutuan, berak bakarrik ikusi duen ustezko falta batengatik.  

Norgehiagokaren erritmoa oso bizia izan da. Bi taldeek baloi guztiak borrokatu dituzte. Bayern Munichek izan ditu abagune onenak, baina talde alemaniarrari kosta egin zaio aukerak goletan bihurtzea.

Sevillak gogotik sufritu du defentsako lanean. Ahal izan duen moduan ibili da aurkariaren erasoaldiak aldentzen, baina 86. minutuan baloia galdu dute alemaniarrek, Sevillak kontraerasoa antolatu du, En-Nesyri bakarrik geratu da Neuerren aurrean, eta atezainak desbideratu du afrikarraren errematea, gola eragotziz. Bi taldeetako bat ere ez da golik sartzeko gai izan bigarren zatian, eta partida luzapenera joan da.

Luzapenaren hasieran gola sartzeko aukera izan du Sevillak, baina En-Nesyriren errematea zutoinera joan da Neuerrek ukitu ostean. Minutu batzuk beranduago etorri da Bayernen erantzuna, baina Kimmichek kanpora bota du errematea Müllerren erdiraketa on baten ostean. Luzapeneko atsedenaldira heldu aurretik, Bono atezainak jaurtiketa bat desbideratu, eta Javi Martinezek 2-1ekoa sartu du, baloia buruz sare barrura bidalita.

Luzapeneko bigarren zatiaren hasieran ere abagune ona izan du Sevillak, nahiz eta Escudero behartuta iritsi den errematea egitera, eta ez duen atea aurkitu. Ondoren, Bayern izan da nagusi. Davies eta Lewandowski gola sartzetik gertu egon dira, baina ezin izan dute Bonok defendatutako atea zulatu. Amaieran, Bayern Munich garaile eta Europako Superkopako txapeldun.

Fitxa teknikoa:

2 - Bayern Munich: Neuer; Pavard, Süle, Alaba (Boateng, 112. min), Lucas Hernandez (Javi Martinez, 99. min); Kimmich, Goretzka (Davies, 99. min); Sane (Tolisso, 70. min), Müller, Gnabry; eta Lewandowski.

1 - Sevilla: Bono; Jesus Navas, Kounde, Diego Carlos, Escudero; Fernando, Joan Jordan (Franco Vazquez, 94. min); Ocampos, Rakitic (Oliver Torres, 56. min), Suso (Gudelj, 72. min); eta De Jong (En-Nesyri, 56. min).

Golak: 0-1, 13. min: Ocampos, penaltiz. 1-1, 33. min: Goretzka. 2-1, 104. min: Javi Martinez.

Epailea: Anthony Taylor (Ingalaterra).