Futbola
Seigarren aldiz
Sevilla, nagusi berriz Europa Ligan
AGENCIAS | REDACCIÓN
Julen Lopeteguiren taldeak Europa Ligako seigarren txapela lortu du Inter Milani 3-2 irabazi eta gero.
-
Sevillako jokalariak txapeldunaren garaikurrarekin. Argazkia: EFE
Sevillak Europa Liga irabazi du ostiral honetan, Kolonian (Alemania) jokatu den finalean Inter Milan 3-2 mendean hartu eta gero, bere ezohiko formatuagatik historiara pasako den ekitaldian, koronabirus pandemia dela eta.
Atsedenaldira berdinduta heldu dira bi taldeak, bakoitzak bi gol sartu ostean. Lehendabizi italiarrek hartu dute aurrea, Romelu Lukaku aurrelari belgikarrak penaltiz sartutako golarekin. Gerora, Luuk de Jong herbeheretarrak markagailua irauli du buruz egindako bi errematerekin. Azkenik, beste burukada batek orekatu du emaitza lehen zatia amaitu aurretik, Diego Godin uruguaitarrarenak.
Bigarren zatiak ez du izan lehendabizikoaren erritmo bizirik, baina Diego Carlos erdilari brasildarrak 3-2koa lortu du txilenaz 74. minutuan. Gol horrek indarra eman dio fisikoki oso nekatuta zegoen Andaluziako taldeari, eta abantailari eusteko ahalmena izan du.
Horrenbestez, Julen Lopetegui gipuzkoarrak entrenatutako taldeak Europako bigarren txapelketarekin duen harreman estua berretsi du beste behin ere.
Fitxa teknikoa:
3 - Sevilla: Bono; Jesús Navas, Koundé, Diego Carlos (Gudelj, 86. min), Reguilón; Joan Jordán, Fernando, Banega; Suso (Franco Vázquez, 77. min), De Jong (En-Nesyri, 85. min), Ocampos (Munir, 70. min).
2 - Inter de Milán: Handanovic; Godín (Candreva, 90. min), De Vrij, Bastoni; D'Ambrosio (Moses, 78. min), Barella, Brozovic, Gagliardini (Eriksen, 78. min), Young; Lautaro (Alexis Sánchez, 78. min), Lukaku.
Golak: 0-1, 5. min: Lukaku, penaltiz. 2-0, 12. min: De Jong. 2-1, 33. min: De Jong. 2-2, 35. min: Godín. 3-2, 74. min: Diego Carlos.
Epailea: Danny Makkelie (Herbehereak). Txartel horiak: Diego Carlos eta Banega (Sevilla); Barella, Basconi eta Gagliardini (Inter).