Futbola
Ofiziala
Bartzelonak Setien kargutik kendu eta hauteskundeen data iragarri du
Erredakzioa
Zuzendaritza Batzordeak astelehen honetan egin duen batzarrean erabaki du entrenatzailea kargutik kentzea. Hauteskundeak 2021eko martxoaren 15ean egingo dira.
-
Quique Setien entrenatzailea eta Eder Sarabia laguntzailea. Argazkia: EiTB
Bartzelona krisialdi betean murgilduta dago, denboraldi honetan titulu gabe geratu eta Txapeldunen Ligan Bayern Munichen aurka 2-8ko emaitzarekin porrota jaso ostean.
Zuzendaritza Batzordea sei ordu luzez batzartuta egon da astelehen honetan, eta Quique Setien entrenatzaile kargutik kentzeko erabakia hartu du. Klubak ez du argitu nor izango den ordezkoa, baina Ronald Koeman da indar gehien hartzen ari den izena.
Gainera, Josep Maria Bartomeu presidenteak hauteskundeak 2021eko martxoaren 15aren ondorengo Ligako lehen partidako egunean egingo direla iragarri du.
Setienen porrota
Quique Setienek Barçako entrenatzaile izaten ez jarraitzea erabaki du zuzendaritzak. 2020ko urtarrilaren 13an Ernesto Valverde botatzeko erabakia hartu zuen klubak, eta Quique Setien fitxatu zuen haren ordez. Valverde kargugabetu zutenean, Bartzelona Ligako liderra zen. Berarekin joko ona bermatuta zegoela iragarri zuen Setienek, baina hitz haiek haizeak eraman zituen.
Setien taldea zuzentzen hasi osteko lehen porrot handia Errege Kopan etorri zen, Athleticek Bartzelona final-laurdenetan kanporatu zuenean. Ligan ere gero eta joko-maila kaskarragoa eskaini zuen taldeak, eta Real Madrilen aurka jokatu zuen klasikoan porrota jaso zuen. Ondoren, Real Madril izan zen Ligako txapelduna.
Txapeldunen Liga zen Bartzelonaren denboraldi kaskarrari buelta eman ziezaioken txapelketa bakarra, baita Setienek jarraitu ahal izateko azken aukera. Napoliren aurkako final-zortzirenetako itzuliko partidan garaipena lortu zuen, Lisboako azken faserako txartelarekin batera. Hala ere, itxura eta joko-maila kaskarra eskaini zuen taldeak.
Championseko azken fasean, Barçak porrot historikoa jaso zuen Bayern Munichen aurka 2-8ko emaitzarekin galdu baitzuen final-laurdenetako kanporaketa. Horixe izan zen Setienen azken partida Bartzelonako entrenatzaile moduan.
Iskanbila askoko denboraldia
2019-2020 denboraldia iskanbilatsua izan da klubean. Zuzendaritzaren kudeaketa oso kritikatua izan da Bartzelonako prentsaren eta zaleen aldetik. Jokalarien eta zuzendaritzaren artean ere tentsioa izan da nagusi denboraldi osoan, giroa aztoratuta egon delarik.
'Barçagate' deiturikoa izan zen iskanbila handienetako bat. Klubak enpresa bat kontratatu zuen sare sozialetako kontuan kudeatzeko, eta kontratua diru askokoa izan zen. Gainera, enpresa horrek jokalariak gutxiesteko kanpaina habiatu zuela publikatu zen, eta futbolariak erabat aztoratu ziren informazio horrekin. Presidentea jokalariekin bildu behar izan zen azalpenak emateko, eta onartu bazituzten ere, ez zituzten sinetsi. Barçak enpresa horrekin zuen kontratua eten egin zuen.
Kirol esparruan ere gauzak ez ziren ondo joan. Jokalariei ez zitzaien gustatu Valverde kargugabetzea, eta gutxiago gustatu zitzaien ordezkoa Quique Setien izatea. Egoera kaotiko horien guztien eraginez, Bartzelonak amaiera oso txarra eman dio denboraldiari.