Futbola
Serie A
Italiako liga ekainaren 14an bueltatuko da
Agentziak | Erredakzoa
Serie A txapelketa ekainaren erdialdean jarriko da berriz martxan, kutsatutakoen kurbak beheranzko joera mantentzen badu.
-
Dybala eta Cristiano Ronaldo, Juventusekin sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Italiako 2019-2020 Serie A txapelketa ekainaren 14an bueltatuko da kutsatutakoen kurbak beheranzko joera izaten jarraitzen badu, astearte honetan Vincenzo Spadafora Kirol ministroak adierazi duenez. Italiako liga martxoaren 9an eten zen, koronabirusaren pandemiarengatik.
"Futbola ahalik eta azkarren itzultzea da guztion nahia, baina, momentuz ez dira segurtasun baldintzak betetzen, Giuseppe Conte Gobernuko presidenteak esan zuen bezala. Kutsatutakoen kurbak beheranzko joera mantentzen badu, posible izango da Serie A txapelketa ekainaren 14an berriz martxan jartzea", esan du Spadaforak ItalPress agentziari eskainitako elkarrizketa baten. "Horretara, ordea, mailaz maila iritsi behar gara, orain arte egin dugun moduan, kontu handiz eta erantzukizunez jardunda", gaineratu du.
Italiako Gobernuak txapelketa ekainaren 14ra arte gelditzeko agindua eman zion Federazioari martxoaren 9an. Orain, Zientifikoen Batzorde Teknikoak eman beharko du oniritzia futbolaren itzulerarako.