Itxi

Futbola

Maiatzaren 18tik

Hamar jokalariz osatutako multzoetan entrenatu ahalko dute talde profesionalek

Agentziak | Erredakzioa

Lehen eta Bigarren Mailetako taldeek gehienez hamar jokalariz osatutako multzoetan egin ahalko dituzte lansaioak, maiatzaren 18tik.

  • Martin Odegaard, Realeko jokalaria

    Martin Odegaard, Realak aste honetan Zubietan egin duen entrenamendu baten. Argazkia: EFE

Estatuko futbol talde profesionalak, Lehen eta Bigarren Mailetakoak, hamar jokalarik osatutako multzoetan entrenatzen hasiko dira astelehenetik, astebetez banakako lansaioak egin ostean.

Espainiako Gobernuak, COVD-19 koronabirusaren pandemiaren deseskalatzearen 2 fasean, liga profesionalak itzultzea baimenduko duela iragarri du, beti ere  pandemiaren bilakaera ona bada. Komunikatu baten bidez egin du, eta bertan adierazi du, "entrenamendu totalak" baimenduko dituela taldekako kiroletan, non taldekideekin batera entrenatzea ezinbestekoa den.

Gainera, oraindik 0 fasean dauden lurraldeetako taldeentzat murrizketak leunduko ditu; hau da, Madrilgo erkidegoko Bartzelonako eta Gaztela eta Leongo taldeek ere multzokako entrenamenduak egin ahalko dituzte. Hauek dira 0 fasean dauden erkidego edo probintzietako Lehen eta Bigarren Mailetako taldeak: Bartzelona, Real Madril, Getafe, Atletico Madril, Valladolid, Leganes, Espanyol, Mirandes, Alcorcon, Rayo Vallecano, Fuenlabrada eta Numantzia.

Lan-taldeak 'estankoak' izan beharko dira, zelai ezberdinetan edo talde bakoitzak zelai erdi baten lan egingo du, ezingo dute materiala partekatu, euren artean ez da kontakturik egongo, eta lan-talde bakoitzaren iritsieren artean gutxienez 15 minutu igaro beharko dira.

Osasun agintariek ezarritako neurriak betetzen jarraitu beharko dute jokalariek, pertsonen arteko bi metroko distantzia mantenduz, eta kontaktu fisikoa saihestuz. Entrenamenduak txandaka egin beharko dira, eta instalazioak duen edukieraren % 30 gainditzen eragotzi beharko da, segurtasun distantziak gordetzea bermatzeko.

Lansaioetan beharrezkoak diren teknikariak egon ahalko dira, hauek ere osasun agintariek ezarritako neurriak errespetatu beharko dituztelarik, eta neurri horiek betez aldagelak erabili ahalko dira.