Futbola
Koronabirusaren krisia
UEFAk 2020ko Eurokoparen bideragarritasuna aztertuko du datorren asteartean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ekainaren 12tik uztailaren 12ra jokatuko da, aurreikuspenen arabera, baina 2021era atzeratzeko aukera mahai gainean egon daiteke.
-
San Mames estadioa 2020ko Eurokopako agertokietako bat da. Argazkia: EFE
Europako Futbol Elkarteen Batasunak (UEFA) deialdia egin die gaur kontinente zaharreko 55 federazioei eta horien ligetako ordezkariei, datorren asteartean, martxoaren 17an, koronabirusak eragindako krisiaren aurrean dauden aukerak eztabaidatzeko, tartean, 2020ko Eurokopa bertan behera uztea.
Bilera bideokonferentzia bidez egingo dute, eta beste lehiaketa batzuen gainean (Txapeldunen Liga, Europa Liga eta herrialde bakoitzeko txapelketak) izan daitezkeen aldaketen inguruko eztabaidak ere egongo dira.
2020ko Eurokopa ekainaren 12tik uztailaren 12ra da egitekoa, momentuz, eta aurtengo ekitaldian txapelketaren 60. urteurrena izango denez, edizio berezia antolatu dute; izan ere, 11 herrialdetako 12 hiritan jokatuko dira neurketak, eta hiri horietako bat Bilbo da. Partida batzuk San Mames futbol-zelaian jokatuko dira, beraz.
Kirol egunkari batzuen arabera, Europako zenbait federaziok lehiaketa 2021era atzeratzeko eskaera helarazi diote jada UEFAri.