Futbola
Lan gatazka
Kluben Elkarteak "hitzarmena sinatzeko bideragarritasuna" aurkitu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakumezkoen futbolaren patronalak azaldu duenez, hartutako erabakia "astelehenean berretsiko da, Lehen Mailako Batzordearen bileran".
-
Primera Iberdrola txapelketan parte hartzen duten zenbait futbolari.
Emakumezkoen Futboleko Kluben Elkarteak (ACFF) jakinarazi duenez, "emakumezkoen futboleko lehen hitzarmena sinatu ahal izateko bideragarritasuna" aurkitu du. Gaineratu duenaren arabera, sinadura horren erabakia astelehenean berretsi beharko dute Lehen Mailako Batzarrean.
Ohar baten bidez, patronalak azpimarratu du Mediaproren konpromisoa "funtsezkoa" izan dela arazoa konpontzeko, eta, beraz, datozen egunetan sinatu beharko litzatekeela AFE eta Futbolista On sindikatuekin lortutako akordioa, ikus-entzunezko gatazka desblokeatu ostean.
"Gaurko egunean, ACFFk AFE eta Futbolistas On sindikatuei jakinarazi die emakumezkoen futbolaren Lehen Hitzarmen Kolektiboa sinatzeko bideragarritasuna aurkitu duela. Mediapro funtsezkoa izan da arazoa konpontzeko, eta, beste behin ere, emakumezkoen futbolarekiko konpromiso irmoa erakutsi du ", azpimarratu du Kluben Elkarteak.
"Astelehenean Lehen Mailako Batzordearen bileran berretsiko da, horrela hitzarmena sinatzeko", zehaztu du patronalak.
Klubak eta sindikatuak duela hamalau hilabete hasi ziren negoziatzen Lehen Mailako futbolarientzako lehen hitzarmen kolektiboa. Joan den abenduaren 20an lortutako aurreakordioaren ostean, bi aldeek urtarrilaren 15ean sinatu behar zuten hitzarmena; alabaina, Espainiako Futbol Federazioarekin (RFEF) akordioa lortu ez izanak atzeratu egin zuen akordioa sinatzea.
Aitzitik, patronalak iragarritako akordioarekin, hitzarmena datozen egunetan gauzatu beharko litzateke.