Futbola
Emakumezkoen futbola
Federazioak ACFFren proposamena onartu eta hitzarmena sinatzea bideratu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Asteazken honetan sinatu beharko da emakumezkoen futbolaren lehen hitzarmen kolektiboaren behin betiko dokumentua.
-
Primera Iberdola txapelketako zenbait jokalari. Argazkia: ETBren bideo batetik hartutako irudia
Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) astearte honetan jakinarazi duenez, onartu egin du Emakumezkoen Futboleko Taldeen Elkarteak (ACFF) Elite programari atxikitzeko egindako proposamena. Horri esker, patronalak beharrezko diru-funtsak izango ditu AFE eta Futbolistas On sindikatuekin emakumezkoen futboleko lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren barruan adostutako baldintzei aurre egiteko. Sindikatuek eta patronalak asteazken honetan berretsi behar dute lehen hitzarmen hori.
Federazioaren esanetan, onartutako akordio horrekin "Elite Programara batu daitezke bai Primera Iberdrola txapelketan (Lehen Maila) ari diren klub guztiak, bai Iberdrola Erronkakoak (Bigarren Maila). Horren bidez, talde bakoitzak diru-sarrera bat jasoko du denboraldi bakoitzeko (500.000 euro Lehen Mailako taldeen kasuan eta 100.000 euro Bigarren Mailakoen kasuan). Elite Programan sartuta ez dauden taldeek, berriz, zati proportzionala jasoko dute akordioa sinatzen den unetik".
Abenduaren 20an sindikatuekin lortutako aurreakordioa sinatze aldera, kategoria goreneko hamahiru klub elkartuek baldintza gisa jarri zuten funts ekonomiko horiek eskuragarri izatea.
Aipatu hamahiru talde horien artean ez daude Athletic, Bartzelona eta CD Tacon, baina horiek ere hitzarmen kolektiboari atxiki beharko zaizkio.
Horrenbestez, Federazioak onartu egin du elkartutako hamahiru taldeak Elite Programan sartzea. Bere aldetik, talde horiek ontzat eman dute "Primera Iberdrolako partiden emanaldia" desblokeatzea. Hala jasotzen da Federazioak zabaldutako oharrean.
Telebistako emanaldiak
ACFF elkarteak planteatu zuen klubak libre geratzea Mediapro operadorearekin egindako akordiotik, baina jardunaldi bakoitzeko bi partida telebista-operadore jakin batekin emateko konpromisoari eutsiz. Konpromiso horretako baldintzak bere horretan onartzen dituela gaineratu du Federazioak.
Hartara, erabaki horrekin, Federazioak "behin betiko bultzada eman nahi dio lehentasunezkotzat jotzen duen eta bere alde apustu sendoa egin duen lehiaketa bati".
Hala, talde guztiei "bertan parte hartzeko eta telebista eskubideak elkarrekin merkaturatzeko" gonbita egin die, "balio handiagoa eta erabateko sendotasuna lortzeko".