Itxi

Futbola

Ofiziala

Quique Setien, Bartzelona taldeko entrenatzaile berria

Erredakzioa

Barçak ofizial egin du entrenatzaile kantabriarrak zuzenduko duela lehen taldea, Ernesto Valverde kargutik kendu ostean.

  • Quique Setien. Argazkia: EFE

    Quique Setien, Eder Sarabia bere laguntzailearekin. Argazkia: EFE

Bartzelonak ofizial egin du astelehen honetan, Quique Setien izango dela lehen taldeko entrenatzaile berria 2022ko ekainaren 30era bitartean. Talde katalanak Ernesto Valverde kargutik kendu ostean jakinarazi du albistea.

Barçak hiru entrenatzaileri egin die taldea zuzentzeko proposamena azken egun hauetan. Xavi Hernandezek ezezkoa eman die, Ronald Koeman Herbehereetako hautatzaileak ere ezetz esan die, eta Mauricio Pochettino Espanyol eta Tottenham taldeetako entrenatzaile ohiaren ezezkoa ere jaso dute. Azkenean, Bartomeu presidentearen zuzendaritza batzordearen laugarren aukera izan da Quique Setien, eta entrenatzaile kantabriarrak onartu egin du Bartzelonak egin dion proposamena.

Quique Setienen ibilbidea

Quique Setienek Racing Santander taldeko kirol-zuzendari moduan hasi zuen bere ibilbidea futbol munduan teknikari gisa 2001-2002 denboraldian, taldea Bigarren Mailan zegoenean. Zazpigarren jardunaldian kargutik kendu zuten Gustavo Benitez entrenatzailea, eta Setienek eta Nando Yosuk ordezkatu zuten. Bien artean, Racing Lehen Mailara igotzea lortu zuten. 2003-2004 denboraldian, Polideportivo Ejido zuzendu zuen, baina kargutik kendu zuten, hamabost partidatik bi bakarrik irabazi ostean. Gero, Ekuatore Gineako selekzioa zuzendu zuen partida batean.

Logroñesen ez zitzaizkion gauzak ondo atera 2017-2008 denboraldian, kargutik kendu baitzuten hamaika partidetatik bi bakarrik irabazi ostean. 2009-2010 denboraldian, Lugok fitxatu zuen. Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara igo zuen talde galiziarra 2011-2012 denboraldian, Cadizi igotzeko play-offeko azken kanporaketa irabazita, epaileak hainbat erabaki polemiko hartu ostean. Hurrengo bi denboraldietan, Bigarren Mailan mantendu zuen Galiziako taldea, eta 2015eko ekainean utzi zuen Lugo.

2015-2016 denboraldiko urrian, Las Palmasek fitxatu zuen, Paco Herrera ordezkatzeko, eta talde kanariarra Lehen Mailan mantentzea lortu zuen. 2016-2017 denboraldian, hasiera bikaina eman zion sasoiari, baina amaieran behera egin, eta taldeak 14. postuan amaitu zuen denboraldia. Orduan erabaki zuen Las Palmasen ez jarraitzea.

Betis zuzentzeko ardura hartu zuen 2017-2018 sasoian, eta taldea Europa Ligara sailkatu zuen. 2018-2019 denboraldia bukatu zenean, Betisen ez jarraitzea erabaki zuen, eta ordutik ez du beste talderik zuzendu.