Futbola
Errege Kopa
Barakaldok agur esan dio Kopari, Rayo Vallecanoren aurka galduta
Erredakzioa
Talde bizkaitarrak 0-2ko emaitzarekin galdu du Lasesarren jokatu duen Errege Kopako bigarren txandako kanporaketako partida.
-
Barakaldo-Rayo Vallecano partidako irudia. Argazkia: @RayoVallecano
Barakaldok 0-2ko emaitzarekin galdu du Rayo Vallecanoren aurka Lasesarren jokatu duen Errege Kopako bigarren txandako kanporaketako partida. Talde bizkaitarra kanporatuta geratu da.
Neurketako lehen jokaldian izan du abagunea Rayo Vallecanok, baina Saul Garciaren jaurtiketa Rabanillo atezainak gelditu du. Barakaldoren erantzuna bigarren minutuan etorri da, Iker Olaizolak gora bidali duen erremate batekin. Julen Lopezek ere beste aukera bat izan du Barakaldorentzat, nahiz eta Rayoko atezainak baloia arazo gabe harrapatu duen. Norgehiagokako 19. minutuan, ordea, Jose Angel Pozok 0-1ekoa sartu du Rayo Vallecanorentzat.
Maldan gora jarri zaio partida etxeko taldeari, eta erantzuten saiatu den arren ez du abagune argirik sortzeko gaitasunik izan. Epaileak Piovacariren gola baliogabetu du 29. minutuan, Rayoko aurrelaria jokoz kanpo egon delako, eta Piovacarik 34. minutuan egin duen errematea, langa gainetik kanpora joan da. Barakaldok izan du neurketa berdintzeko aukera, baina Olaizolak gora bota du errematea 39. minutuan. Atsedenaldira iritsi baino lehen, Rayo Vallecanok gertu izan du bigarren gola, baina Alvaroren jaurtiketa ez da sare barrura sartu, zutoinean jo ostean.
Bigarren zatiaren hasieran Rayo Vallecanok eman du lehen abisua, eta Barakaldok azkar erantzun du abagune hirukoitz batekin; hala ere, talde bietako batek ere ez du aurkariaren atea zulatu. Piovacariri beste gol bat baliogabetu dio epaileak 69. minutuan, oraingo honetan ere jokoz kanpoko posizioan egin baitu errematea. Bi minutu beranduago, Rabanillo Barakaldoko atezainak Piovacariren errematea gelditu du. Hurrengo jokaldian abagune bikoitza izan du Barakaldok, eta Miguel Angel Rayoko atezainak eragotzi ditu golak.
Azken ordu laurdenean erasora jo du Barakaldok itsu-itsuan, eta kontraeraso baten bitartez, Rayo Vallecanok 0-2koa sartu du; Piovacari izan da golegilea. Bigarren gol honek erabakita utzi du partida. Barakaldo saiatu da aldeak murrizten, baina Rayok ez dio aukerarik eman, eta agur esan dio Kopari talde bizkaitarrak.