Futbola
Superkopa
Real Madrilek Valentzia mendean hartu du, eta finalean izango da (1-3)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Valentziarrek ezin izan diote aurre egin Zinedine Zidanek proposatutako bost erdilariz osatutako zelai-erdiari.
-
Real Madrileko jokalariak lehendabiziko gola ospatzen. Argazkia: EFE
Real Madril Superkopako lehen finalista bihurtu da asteazken honetan, Valentziari nagusitasunez irabazi eta gero (1-3) Toni Kroosen, Isco Alarconen eta Luka Modricen golekin.
Zinedine Zidane Real Madrileko entrenatzaileak zelai-erdian bost jokalarirekin jardutearen aldeko apustua egin du, Karim Benzema, Eden Hazard eta Gareth Bale min hartuta zituela aintzat hartuta.
Ondorioz, Casemiro, Fede Valverde, Luka Modric eta Toni Kroos berdegunean egon dira hasieratik, Isco punta-erdi lanetan zebilela, Luka Jovic aurrelari bakarraren atzetik. Marrazki taktiko horren eraginez, Real Madril neurketaren jabe bilakatu da hastapenetik bertatik, Valentziaren asmo guztiak ezerezean utzita.
Horrela, 16. minutuan, lehia madrildarraren alde hasi da erabakitzen. Kroosek ustekabean harrapatu ditu aurkari guztiak, kornerretik egindako gol olinpiko batekin, Jaume Domenech atezainak eta haren defentsak atea babesik gabe zutela baliatuta. Bigarren gola 39. minutuan iritsi da, partida ederra jokatu duen Isco izan da golegilea kasu horretan.
Aldageletatik bueltan, Valentziaren erreakzioa espero zen, baina ez da halakorik etorri; bai, ordea, Real Madrilen hirugarrena (65. min), Modricek eskuin oinaren kanpoaldearekin egindako jaurtiketa bikain baten bitartez.
Norgehiagokaren luzapenean, VARak agindutako penalti bati esker (Ramosek eskuarekin jo du baloia area barruan), Parejok markagailua itxuratu ahal izan zu Valentziaren mesedetan.
Horrenbestez, igandean, Yedan (Saudi Arabia) jokatuko den finalerako aurkariaren zain geratu dira madrildarrak. Hori ostegun honetan ezagutuko dute, Bartzelonak eta Atletico Madrilek elkarren aurka jokatuko duten bigarren finalerdia bukatzen denean.
Fitxa teknikoa:
1 - Valentzia: Jaume Domenech, Wass, Garay, Gabriel, Gaya, Kondogbia (Maxi Gomez, 57. min), Parejo, Coquelin (Ruben Sobrino, 83. min), Soler, Ferran Torres eta Gameiro (Cherychev, 69. min).
3 - Real Madril: Courtois, Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Mendy (Marcelo, 71. min), Casemiro, Kroos, Modric (James, 75. min), Valverde, Isco eta Jovic (Mariano, 83. min).
Golak: 0-1, 16. min: Kroos. 0-2, 39. min: Isco. 0-3, 66. min: Modric. 1-3, min. 91: Parejo, penaltiz.
Epaileak: Jesus Gil Manzano. Txartel horiak: Casemiro (Real Madril).