Itxi

Futbola

Emakumezkoen futbola

Federazioa, hitzarmen kolektiboa sinatzeko falta den dirua jartzeko prest

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Luis Rubiales Federazioko presidenteak 1.152.000 euro eskaini dizkie Primera Iberdrolako klubei, jokalariek bermatuta izan dezaten AFEk eskatzen duena.

  • Luis Rubiales, Espainiako Futbol Federazioko presidentea

    Luis Rubiales, Espainiako Futbol Federazioko presidentea. Argazkia: EFE

Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) presidenteak "1.152.000 euroko poltsa" eskaini du asteazken honetan, klubek Futbolarien Elkarteak (AFE) egindako eskaerei erantzun ahal izan diezaieten.

Rubialesen esanetan, Emakumezkoen Futboleko Kluben Elkarteak "16.000 euroko soldata eskaintzen du, % 50eko partzialtasunarekin (4 ordu egunean), eta horrek 8.000 euroko benetako soldata esan nahi du".

"AFE, berriz, 16.000 euro eskatzen ari da, baina % 75eko partzialtasunarekin. Ondorioz, hori 12.000 euroko soldata da, lanbide arteko gutxieneko soldata baino baxuagoa", nabarmendu du Rubialesek.

Horren aurrean, "Federazioak bere gain hartuko du kopuru bien artean dagoen aldea, eta talde bakoitzeko 18 jokalariren mesedetan egingo du ahalegin hori. Hartara, Federazioak 1.152.000 euro jarriko ditu, jokalari guztiek bermatuta izan dezaten AFE sindikatuak eskatzen duena", azaldu du presidenteak.

Aldi berean, azaroaren 16rako eta 17rako deitutako greba saihestea "ziurrenik ona" dela iritzi dio Rubialesek, eta, ondorioz, helburu horrekin proposatu du kluben eta sindikatuen arteko desadostasunei aipatu irtenbidea ematea.

Ligako partiden emanaldiei dagokienez, Rubialesek proposamen berri bat egin du, hau da, "norgehiagoka guztiak etxeko taldeak kontratatuta daukan operadoreak" eskain ditzala; izan ere, klub guztiek ez zizkioten euren eskubideak Mediaprori utzi.