Futbola
Primera Iberdrola
Greba egitea erabaki dute emakumezkoen futbolean
eitb.eus
Primera Iberdrola osatzen duten 16 taldeetako ordezkariak Madrilen bildu dira, eta grebara jotzea erabaki dute lan-hitzarmena adosteko negoziaketak etenda geratu eta gero.
-
Primera Iberdrola Ligako jokalariek biltzarra egin dute Madrilen. Argazkia: EFE
Primera Iberdrola txapelketa osatzen duten jokalariek greba egitea erabaki dute, lan-hitzarmena zehazteko negoziaketetan patronalarekin adostasunik lortu ez dutela ikusita, urtebeteko epean hainbat batzar (18 guztira) egin dituzten arren.
Hala erabaki dute astearte honetan, Espainiako Futbolarien Elkarteak (AFE) deituta Madrilen egindako bileran. Batzar horretara ligako 16 taldeetako 189 ordezkari bertaratu dira, eta horien arteko % 93k greba egitea babestu dute, bi orduko bilera egin eta gero.
Jokalariek azaroko lehen asteburuan antolatu nahi dute greba, hau da, azaroaren 2an eta 3an, baldin eta hura bideratzeko izapideak garaiz egiteko moduan dauden.
Lanaldia, gatazkaren muin nagusia
Lan gatazkaren muinetako bat lanaldiaren iraupenean datza. Jokalariek jardunaldi osoko kontratua eskatzen dute edo gutxienez ehuneko 75ekoa. Patronalak, aldiz, ehuneko 50 eskaintzen du gehien jota; horrez gain, 16.000 euroko soldata proposatzen du (hasierako eskaintza 13.000koa zen).
Patronala osatzen duen Emakumezkoen Futboleko Kluben Elkartearen (ACFF) aburuz, jokalariek eskatzen duten lanaldiak "1.600.000 euroko eragina" izango luke aurrekontuetan, eta, aipatu elkarteak kopuru hori "onartezina" dela deritzo.