Futbola
2019ko FIFA SARIAK
Messik eta Rapinoek irabazi dute The Best saria
eitb.eus
Argentinarrak Cristiano Ronaldo eta Virgil van Dijk gainditu ditu azken bozketan; AEBko kapitainak, berriz, Alex Morgan eta Lucy Bronze.
-
Lionel Messi eta Megan Rapinoe, saria jaso ostean. Argazkia: EFE
FIFAren The Best sariak eman dituzte astelehen honetan, Milango Scala antzokian. Aurreko denboraldiko jokalari onenak nabarmentzen duen saria Lionel Messi argentinarrak eta Megan Rapinoe estatubatuarrak irabazi dute.
Gizonezko jokalari onena aitortzen duen saria Bartzelonako aurrelariak jaso du, azken bozketan Cristiano Ronaldo portugaldarra (Juventus) eta Virgil van Dijk herbeheretarra (Liverpool) garaitu ondoren.
Emakumezko jokalari onenarena, berriz, AEBko selekzioaren erdilari eta kapitainak eskuratu du, azken bozketan Alex Morgan herrikidea (Orlando Pride) eta Lucy Bronze britainiarra (Olympique Lyon) garaituta.
Entrenatzaile onenak aitortzeko sariei dagokienez, Jurgen Klopp alemanak jaso du saria gizonezkoen kategorian, Txapeldunen Liga irabazi duen Liverpool taldea zuzentzen egin duen lanarengatik. Emakumezkoen kategorian, aldiz, Jill Ellisi eman diote golardoa, AEBko selekzioa munduko txapeldun bihurtu eta gero.
Jurgen Klopp. Argazkia: EFE | Jill Ellis. Argazkia: EFE |
Azkenik, joan zen denboraldiko atezain onenei dagokienez, Alisson Becker brasildarra (Liverpool) eta Sari van Veenendaal herbeheretarra (Atletico Madril eta Frantziako Munduko Txapelketako finalista) izan dira saridunak.
Alisson Becker. Argazkia: EFE | Sari van Veenandaal. Argazkia: EFE |