Itxi

Futbola

Le Coq Arenan

Estonia-Euskal Selekzioa (1-2): Garaipena Tallinnen

Erredakzioa

Aritz Adurizek sartu ditu, buruz, Euskal Selekzioaren gol biak. Javier Iruretak debuta egin du aulkian.

119
Estonia-Euskal Selekzioa: Aduriz, golegile

Euskal Selekzioak Estoniaren aurka neurtu ditu indarrak Tallinngo Le Coq Arena futbol-zelaian. Estoniak 2012ko Eurokoparako txartela lortzea du helburu. Sailkatze fasean parte hartzen ari da, C multzoan. Irureta eta Etxarriren taldea 1-2 nagusitu da Aritz Adurizen golekin.

Partidako lehen aukera ona Aduriz berarentzat izan da. Baloia ondo kontrolatu, baina zutoinera bidali du 8. minutuan. 13.ean markagailua estreinatzeko abagunea izan du Estoniako Vassiljevek.

Minutuek aurrera egin ahala baloiaren jabetzarekin egin dira etxekoak eta lana egin behar izan dute Euskal Selekzioko atzelariek. Hala ere, erasoan aurkaria ezustean hartzeko gai dela erakutsi du Irureta eta Etxarriren taldeak eta 28.ean gola sartzeko zorian izan da Xabi Prieto. 32.ean, Kinkek gutxigatik ez du Iraizoz gainditu, langan jo du baloiak.

Bigarren zatiaren hasiera zirraragarria izan da. 50. minutuan Euskal Selekzioaren gola egin du Aritz Adurizek, buruz, Prietoren erdiraketa baliatuta. Pozak gutxi iraun du zazpi minutu geroago banakoa egin baitu Kinkek areatik kanpo sartutako gol bikainari esker.

Baina Adurizek, berriro ere, aurretik jarri du selekzioa: kornerra atera du Prietok eta Valentziako jokalariaren burukada ezin hobea izan da. Aldea handitzeko gol aukera gehiago sortu ditu Euskal Selekzioak. Azpimarratzekoa da Gaizka Toquerok, bigarren zatian, egindako ahalegina eta lana.

Fitxa teknikoa:

1 - Estonia: Londak (Kotenko, 46'); Kams (Moznikov, 65'), Barengrub, Reintam (Morozov, 79'), Teniste (Kruglov, 46'); Zenjov, Klavan (Prosa, 62'), Vunk, Kink (Luts, 68'); Vassiljev eta Ahjupera (Anier, 62').

2 - Euskal Selekzioa: Iraizoz (Riesgo, 62'); Iraola, Ansotegi (San Jose, 46'), Ekiza, Garrido (Oier Sanjurjo, 71'); Xabi Prieto, Gurpegui, Iturraspe (Bergara, 57'), Gabilondo (Elustondo, 73'): Zurutuza (Toquero, 46') eta Aduriz (Kike Sola, 62').

Golak:

0-1, 51': Aduriz.

1-1, 57': Kink.

1-2, 62': Aduriz