Itxi

Futbola

San Mamesen

Euskal Selekzioak Argentinaren aurka jokatuko du

A. A. | ERREDAKZIOA

Lagunartekoa San Mamesen izango da, urriaren 13an, Liga txapelketak atsedenaldia izango duela aprobetxatuta.

  • Euskal Selekzioa San Mamesen

    Euskal Selekzioa San Mamesen. Argazkia: ETBren bideo batetik ateratako irudia

Euskal Selekzioak Argentinako selekzioa hartuko du San Mamesen, lagunarteko bat jokatzeko. Neurketa urriaren 13an izango da, Liga txapelketak izango duen geldialdia aprobetxatuta.

Joan zen maiatzaren 29an Erdialdeko Amerikara bidaiatu eta Panamaren aurka berdindu ostean (0-0), Javier Clementek zuzentzen duen taldeak egun dagoen selekzio onentsuenetakoa izango du aurrez aurre.

Argentinarrek bi aldiz irabazi dute Munduko Txapelketa (1978an eta 1986an) eta hamalau aldiz izan dira Amerika Kopako txapeldun. Egun hamargarren postuan daude kokatuta UEFAren zerrendan.

Euskal Selekzioaren aurka jardun baino lau egun aurretik, Argentinak Alemania izango du aurkari, urriaren 9an jokatuko den beste lagunarteko batean.

Hego Amerikako taldea bere izar distiratsuenaren faltan iritsiko da Bilbora; izan ere, Leo Messik oraindik ere bere gain izango du Conmebolek ezarritako hiru hileko zigorra, iragan Amerika Kopan, Txileren aurkako neurketaren ostean, egin zituen adierazpenak direla-eta. Zigorraldia abuztuaren 3an jarri zen indarrean.

Euskal Federazioko ordezkariek prentsa agerraldi bat egingo dute datozen egunetan neurketaren gaineko xehetasun guztiak azaltzeko.